Senior mailako gizonezkoak dagoeneko izerdi onak botata egongo dira, abuztuaren 18an ekin zioten-eta denboraldiaurreari, 18 urtez azpikoekin batera. Barrutiak jakinarazitakoaren arabera, talde zuri-moreak pasa den denboraldiko blokeari eutsiko dio: "Alta eta bajaren batzuk izango diren arren, iazko taldea mantenduko da, 30 jokalari ingururekin".
Ohikoa den moduan, Julen Barrutiaren mutilek aste hauetan lagunarteko partiduren bat edo beste jokatuko dute, eta dena ondo bidean, urrian hasiko dute liga denboraldia –Euskadiko Errugbi Federazioak oraindik ez du egutegia kaleratu–.
Emakumezkoak, aurten Elorriorekin
Senior mailako neskei ere amaitu zaizkie oporrak, eta eguenean, hilaren 28an, hasiko dira lanean. Bizpahiru denboraldiz taldea Eibarrekin partekatu eta gero, aurten Zabalaren neskek Elorrio izango dute bidelagun, eurekin osatuko baitute taldea. Kasu honetan ere oraindik ez dute egutegiren berririk eta, mutilen kasuan bezala, txapelketa ofizialaren hasiera Maritxu Kajoiko astebururako aurreikusten dute.
Klub zuri-moreko gainontzeko taldeei dagokionez, guztiak iraila hasierarako daude deituta entrenamenduei berrekiteko. 18 eta 16 urtez azpikoek Elorrio era Eibarrekin partekatuko dute taldea; 14 urtez azpikoak, berriz, Soraluzerekin batera arituko dira.