Ia 29.000 euro Arrasaterendako, hirigintza-plangintzan genero-ikuspegia txertatzeko

Mireia Bikuña 2025ko abu. 11a, 16:00

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak dirulaguntza emango dio Arrasateko Udalari.  Foru Aldundiak diruz lagunduko duen beste proiektua Hernaniko Udalari dagokio (7.441,50 euro).

Joan den apirilean laguntza-lerro bat abiarazi zuen Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak, hirigintza plan eta proiektuetan eta urbanizazio eta/edo eraikuntza ordenantzetan genero-ikuspegia txerta zezaten, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerantz aurrera eginez. Eskaerak egiteko epea amaituta eta oinarri arautzaileetan ezarritako balorazio-irizpideen arabera, Arrasateko eta Hernaniko udalen proiektuak aukeratu dituzte. "Hirigintza tresna indartsua da emakumeek betidanik jasan izan dugun gizarte-bazterketari aurre egiteko. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errealitate izango den Gipuzkoarantz aurrera egin nahi badugu, oinarritik jardun behar dugu, gure udalerriak pentsatuz bai emakumeek bai gizonek baldintza eta berme berberekin gozatzeko. Genero-ikuspegia hirigintza-diziplinan txertatuz bakarrik hautsi ahal izango ditugu desberdintasuna betikotzen duten oztopoetako batzuk", azpimarratu du prentsa ohar bidez Azahara Dominguez diputatuak.

Arrasateko Udala "pozik"

Gaurko (abuztuak 11) buletinean publikatu den dirulaguntzen harira, Arrasateko Udala "pozik" agertu da Aldunditik jasoko dituen 28.737,50 euroekin. " Garrantzitsua da oso genero ikuspegia Udalaren ekintzatan eta proiektuetan txertatzea. Feminismoa lantzeko daukagun tresna oro erabiliko dira berdintasunean bizi, eta emakumeen eta orokorrean herritarren bizi kalitatea hobetzeko", azpimarratu du Maider Morras alkateak.

Arrasateko Udalak plan orokorraren berrikuspena egiten  hasi nahi du legealdi
honetan. Hala, kudeaketa antolatu bat martxan jarria du eta hasteko, aurretiazko hainbat azterketa egiten ari da, egungo egoera zein den ahalik eta ikuspegi zabalenetik ezagutu, eta plan berriaren oinarriak argi zehazte aldera. "Arrasateko hiri-diagnosia genero ikuspegitik egin nahi dugu, herriaren egoera zein den ezagutzeko; eta bide
batez, ezagutza hori udal plangintzan sartzeko aukera izateko. Hasteko sentsibilizazio eta prestakuntza saio bat egingo da barruko langileekin, irailean.  Hirigintza kontseilua ere bilduko da irailean", esan du Morrasek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak