Handik hona

Susanne Bradtmueller: "Nire aitak bazekien Alemania eta ni ez ginela bateragarriak"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko uzt. 28a, 10:23

Susanne Bradtmueller, martitzen arratsaldean, Arrasateko plazan. (Argazkia: I.A.A.).

Datorren urtean beteko ditu 24 urte Arrasaten Susanne Bradtmuellerrek (Munich, Alemania, 1965). Besteak beste Ingalaterran eta Hegoafrikan egon ostean etorri zen hona lanera; Mondragon izenak atentzioa eman zion.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Municheko hegoaldean jaio nintzen, baina gurasoak Alemaniako iparraldekoak ziren. 2 urte nituela, Hanburgora joan ginen. Lagun asko bizi ginen aitona-amonen etxe txikian. Munichen jaio arren, Hanburgokoa naiz. Esaten badidate hemendik joan behar dudala, helmuga bakarra Hanburgo izango da. Ez dut asmorik itzultzeko, momentuz.

Zer ikasi zenuen?

Unibertsitatera joatea pentsatu nuen. Nire aitak esan zidan ongi iruditzen zitzaiola, baina, pertsonalki, nahiago zuen lehenago Lanbide Heziketa ikas nezan. Esan zidan lehendabizi lana nola egin ikasteko, eta bidean erabakiko nuela zer nahi nuen ikasi. Hemen ezagutzen duzuen hezkuntza dualak Alemaniako Hezkuntza Sisteman du jatorria. 80ko hamarkadaren bueltan, aitaren negozioan hasi nintzen lanean, autoak garbitzen, kutxan, biltegiak... Besteak beste, bezeroak tratatzen, portaera ona izaten eta pazientzia izaten ikasi nuen.

Zergatik joan zinen?

Azkenean, jakin nuen zer nahi nuen benetan. Nire aitari bezero batek esan zion bi hotel zituela Hanburgon eta nik oso ondo egiten nuela lan. Hura ikasi nahi zuen norbaiten bila zebilen. Oso ziur zegoen ondo egingo
nuela, eta hotelean hasi nintzen lanean. Gastronomiaren Ekonomia ikasi nuen hiru urtez. Pixkanaka hainbat lanpostutara heldu nintzen. Ingalaterran ere egin nuen lan, eta Hegoafrikara ere joan nintzen, proiektu bat amaitzera.

"Pentsatu nuen 'Mondragon', 'nire dragoia', herri batendako oso izen polita zela"

Migrante alemaniarra izatea erraza da?

Ez. Zailtasunak izan ditut Alemaniaren parte izateagatik; Hitlerrek egindakoagatik. Nire aitak bazekien Alemania eta ni ez ginela bateragarriak. Beti bultzatu ninduen bidaiatzera eta kanpoan lan egitera. Sekula ez diot dirurik eskatu behar izan.

Hainbeste lekutan egonda, nolatan Arrasatera?

Enpresa bateko marketin arloan ari nintzen lanean, baina ez nengoen oso gustura. Mapa bat hartu nuen eta 2.000 kilometroko erradioa zuen zirkunferentzia markatu nuen; gehienez, autoan heldu nintekeen eremua. Arrasatetik irakasle izateko lan eskaintza jaso nuen. Ahalik eta azkarren hastea nahi zuten, baina nik joan aurretik hainbat kontu kudeatu behar nituen. Denbora behar nuen hori egiteko, eta, noski, hiru egun behar nituen autoz Arrasatera heltzeko. Dena den, nahiko azkar etorri nintzen. Gainera, atentzioa eman zidan Mondragon izenak; nire dragoia. Pentsatu nuen herri batendako oso izen polita zela.

Izena gustatu zitzaizun, baina iritsitakoan zer iruditu zitzaizun?

Asko sentitzen dut, baina ze desilusio... Oraindik, ordea, hemen jarraitzen dut. Lehen aldiz Arrasaten sartu nintzenean ez zegoen autobiderik. Basoa ikusten zen, ondoan ibaia zuela. Desastrea herriaren sarreran hasi zen. Niri hipermerkatuak ez zaizkit gustatzen, eta hantxe zegoen Eroski handia. Pentsatu nuen: "Herriaren sarreran hipermerkatua badago, ikusiko duzu zer egongo den herrian". Anekdota modura, Donostiatik honako errepidean 50 aldiz ikusi nuen Deba idatzita, eta uste nuen dagoeneko hitz bat ikasi nuela gaztelaniaz: ibaia. Urteetan oso ziur egon naiz hori zela Deba-ren esanahia.

"Euskadik osotasunean duen biztanle kopurua baino gehiago du Hanburgok"

Hanburgoren eta Arrasateren artean ezberdintasunik?

Euskadik bere osotasunean duen biztanle kopurua baino gehiago du Hanburgok, baina oso handia ez den azalera batean bizi dira. Etxebizitzak garestiak dira, eta bizimodu osoa garestiagoa da han.

Hemen zerk harritu zintuen?

Trafiko eta industria asko zegoen. Dena zikin, fatxadak gaizki... Baina aldatu egin da, eta niri asko gustatzen zait Arrasate. Hemen abuztua pasatzeak liluratu egiten nau. Ia guztia itxita egoten da, jende gutxi... Gainera, naturan zaude berehala. Orain ez daukat autorik, baina ez dut edukitzeko beharrik sentitzen. Behar dudan guztia daukat hemen.

Zer igarten duzu faltan handik?

Arrain ketua jateko zenbait modu.

Euskara "oso poetikoa eta erromantikoa" dela uste du

2003an hasi zen lehendabizikoz euskara ikasten Susanne Bradtmueller, baina, azaldu duenez, garai hartan euskara ikasteko lanaldi erdian egin behar zuen lan, euskaltegira joateko. Dena den, egoera aldatu egin da eta ikasteari berrekin dio duela gutxi: "A1 maila daukat eta saiatzen naiz euskaraz hitz egiten. Jendeak ikusten du ahalegin hori, eta txipa aldatzen du. Gainera, trikimailu batzuk erakutsi edo zuzenketak ere egiten dizkidate".

Euskara "oso poetiko eta erromantiko" bezala definitu du, eta hainbat hitzen adibideak eman ditu hori azaltzeko: "Ilargia bezalako hitz bat; hildakoendako argia. Oso gauza polita da. Edo maiteminduta. Horren argi duzue maitasunik ez dagoela minik gabe. Alemana jakiteak laguntzen du. Guk ere badaukagu ohitura hitz luzeak egiteko hainbat osagarrirekin. Euskarak ere joera hori dauka".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak