"Gobernu planean aurreikusita dago urtean 200.000 euro bideratzea herrian dauden asfaltatze premietara. Zerrenda bat daukagu osatuta eta lehentasunen arabera sailkatuta", azaldu du Udaleko obrak, zerbitzuak eta mantentze batzordeko buru Kepa Urteagak.
Urteagak gaineratu du Garagartzan 2024ko plangintzari dagozkion asfaltatze lanak egingo dituztela. Hau da, 2024an esleitu ziren eta orain gauzatuko dira. Musakola auzoko asfaltatze-lanak, berriz, aurten esleitu dira eta 2025eko plangintzari dagozkio.
Lanak hainbat auzunetan
Garagartza auzoko lanei dagokienean "bidegorriaren partea eta Arteaga jatetxerako bidea asfaltatuko dira. Horrekin batera, Munarren Aragoa kaleko zonalde osoa berrituko dugu", esan du Urtegak.
Musakola auzoan, berriz, auzoa eta baserrietara doan bidea asfaltatuko dira.
Azkenik, asfaltatze lanak egingo dituzte baita ere Doneztebe Portuko zein Santa Teresa kaleetan. Bi kale horietan Udala burutzen ari den urbanizazio lanak osatzera etorriko dira asfaltatze-lanak.
Trafiko mozketak
Ezinbestean, lanek zenbat eragozpen sortuko dituzte auzotarren egunerokoan. Hala, zenbait trafiko mozketa iragarri ditu Udalak. Urteagak azpimarratu du lanak egitea ezinbestekoa dela eta ahalik eta eragin txikiena izateko planifikatu dituztela.
Abuztuaren 5erako dago iragarrita hurrengo trafiko mozketa eta Doneztebe Portuko zein Santa Teresa kaleetan izango du eragina. Asfaltatze lanak iraun bitartean ibilgailuen trafikoa etenda egongo da goizeko 08:00etatik arratsaldeko 18:00etara.