Bi arrasatear igo ziren Ehunmilak probako taldekako podiumera

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 25a, 11:49

Aurtengo Ehunmilak probako taldekako podiuma.

Gorka Gonzalezek eta Iban Romañak taldekako hirugarren saria jaso zuten uztailaren 12an jokatutako ultratrail lasterketan, Iñaki Carcoba santurtziarrarekin osatutako hirukoak egindako lanagatik.

Uztailaren 12an jokatu zen ultratrail lasterketaren hamalaugarren edizioa. Eguraldi iragarpenarengatik egun bat beranduago eta ibilbide motzagoarekin (125 km) jokatu zen.

Balentria egin zuten Gorka Gonzalez eta Iban Romaña arrasatearrek. Gonzalez Elgoibarren bizi da baina arrasatearra da jaiotzez, eta Romaña santurtziarra da jaiotzez baina 25 urte daramatza Arrasaten bizi izaten. 46 urte dituzte biak. Iñaki Carcoba santurtziarrarekin –49 urte– osatutako Lloranet taldea izan da hirugarren azkarrena aurtengo Ehunmilak lasterketan eta podiumera igo ziren hirurak. Haien denbora 30 ordu eta 20 minutu.

"Korrikalari amateurrak gara. Mendian ibiltzea gustuko dugulako egiten dugu lasterka. Asko sufrituta heldu ginen helmugara eta ez genuen espero podiuma zapaltzea. Orain bi urte ere parte hartu genuen taldeen kategorian eta ez genuen lasterketa amaitu", azaldu du Gonzalezek. "Aurtengoan, helmugara iritsi baino bi kilometro lehenago esan ziguten hirugarren postuan gindoazela. Min guztiak joan zitzaizkigun kolpera", gehitu du.

Ehunmilak proba oso berezia dela esan du Gonzalezek. "Ultra luzerak dakar denbora asko elkarrekin egoteko, gauzak hitz egiteko, haserretzeko, atzera ere adiskidetzeko, barre egiten… Gauza asko konpartitzen dira lasterketan".  

Urrian bizikletan Tourmaletera

Taldeka parte hartzen duten lasterketa bakarra da Ehunmilak. Mendian asko ibiltzen dira baina bizikletan ere bai, eta bizikleta gaineko abenturetarako laugarren kide bat dute: Ismael Gonzalez bergararra.

"Gustatzen zaigu urtero irteera berezi bat egitea. Iaz Donajakue bidea egin genuen bi egunetan. Aurten, asmoa da etxetik irten eta Tourmalet tontorrerainoko bidea egitea bizikletan egun bakarrean. Urri aldera egingo dugu", esan du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak