Zer izan da zuretzat euskarazko gradu bukaerako bigarren lan onenaren saria jaso izana?
Oso garrantzitsua izan da. Proiektua garatu eta defendatu nuenean, ordurako harro nengoen lortutakoagatik, baina gradu bukaerako proiektu onenetako baten aitortza jasotzeak, ia urtebete geroago, balio izan dit garrantzia emateko prozesu osoari. Ez da izan aitortza ekonomiko bat soilik; egindako lanaren eta lortutako emaitzaren aitortza ere bada. Gainera, arrisku psikosozialen ikusgarritasuna handitzen lagundu du, eta baita gai horrek gure inguruan duen garrantzia nabarmentzen ere.
Espero zenuen?
Egia esan, ez. Oso pozik nengoen proiektuaren balorazioarekin eta emaitzarekin, baina ez nuen pentsatzen sari bat jasoko nuenik; are gutxiago, Mondragon Unibertsitateko fakultate guztietako maila altua kontuan hartuta.
Behar besteko garrantzia ematen zaio laneko arrisku psikosozialen gaiari?
Ezetz esango nizuke. Azken urteotan gehiago hitz egin da osasun mentalaren inguruan, eta uste dut gizartean geroz eta presenteago dagoela. Hala ere, ez zaie behar besteko arretarik jarri arrisku psikosozialei. Kontzeptu ofizial gisa, arrisku psikosozialek erreferentzia egiten diete lanaren antolakuntzaren ondorioz sortzen diren gertakariei; osasunean eragin negatiboa izateko arriskua dutenei. Langile askorentzat lana estresagarria da eta enpresek erru morala dute arrisku horiek murrizteko eta lan inguru jasangarriak bermatzeko. Ikusgarritasun falta hori nabarmendu dut proiektua garatzeko prozesuan ere; izan ere, gai honi buruzko oso ikerketa gutxi daude.
"Euskara gai da arlo profesionaletan eta gai konplexuenetan erabat funtzionala izateko"
Zer ondorio nagusi atera dituzu?
Ondorio pare bat esango nizkizuke: alde batetik, kuantitatiboki frogatu nuen langileen ongizatea eta enpresaren errendimendu ekonomikoa zuzenean lotuta daudela. Langileei entzuten eta euren ikuspegia kontuan hartzen denean, lan giroa nabarmen hobetzen da. Horrez gain, oso garrantzitsua iruditu zitzaidan emakumeen osasuna, neurri handi batean, baldintzatzen dutela genero ezberdintasunetik eratorritako gizarte faktoreek. Arrisku horiek genero ikuspegitik kudeatzeko garrantziaz jabetu nintzen.
Nolakoa izan da prozesua?
Egoeraren ikuspegi orokor eta zabala izateko helburuarekin, ezaugarri ezberdinak dituzten bost zentro aukeratu nituen, errealitatearen ordezkaritza zabalagoa izateko. Gainera, hainbat langileren testigantzak entzuteko aukera izan nuen, eta horrek asko lagundu zidan euren eguneroko egoerak hobeto ulertzeko.
Lana euskaraz egin izanak garrantzia du zuretzat?
Bai, eta are gehiago halako gai bat lantzeko orduan; izan ere, ez da erraza euskarazko informazioa aurkitzea. Proiektu honek ez du soilik ezagutza zabaltzen; laguntzen du kontzeptu teknikoak euskaraz ulertzen eta erabiltzen. Askotan, gaztelaniarekin lotzen ditugu halako terminoak, eta gai hau euskaraz lantzea balio erantsi bat emateko modua izan da: batetik, hizkuntza bera indartzeko, eta, bestetik, erakusteko euskara gai dela arlo profesionaletan eta gai konplexuenetan erabat funtzionala izateko.