Ferixalekuko eta Altamirako igogailuak berrituko dituzte udazkenean

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko uzt. 22a, 18:59

Ferixalekuko igogailua.

2025eko udal aurrekontuan aurreikusitako lanak dira, eta herritar askori ematen dieten "ezinbesteko zerbitzua" hobetzeko egingo dituzte lanak, udazkenean. 176.000 euroko aurrekontua izango du proiektuak (BEZ gabe).

Arrasateko Udalak Ferixalekuko eta Altamirako igogailuak ordezkatuko ditu. Dagoeneko argitaratu dute esleipen prozesua, eta lanak kontratua sinatu eta lau hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten dute, hau da, udazkenean. "Egungo igogailuak kendu eta segurtasun, irisgarritasun eta erabilerraztasun handiagoa emango duten modelo modernoagoekin ordezkatuko dira", dio Kepa Urteagak, Auzoak eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak.

2025eko aurrekontuaren exekuzio aurreikuspen lanen barruan dago bi igogailuen eraberritzea. "Erabilera handiko igogailuak izateaz gain, azken urteetan eraso bandaliko ugari jaso dituzte. Ondorioz, egoera txarrean daude eta matxura ugari dituzte. Aldaketarekin, goiko auzoetako bizilagunen irisgarritasuna eta bizi-kalitatea bermatuko dugu".

Ezaugarri bereziak izango dituzte

Lehiaketara atera dituzten pleguek igogailu berrien ezaugarriak zehazten dituzte, honako hauek, besteak beste: erabat berriak diren bi igogailu moderno instalatuko dituzte; bandalismoaren aurkako babes berezia izango dute; erabilera intentsiborako prestatuta egongo dira; hamahiru lagunentzako edukiera izango dute, eta 1.000 kilora arteko pisua jasateko gaitasuna; irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko elementu tekniko berritzaileak izango dituzte, hala nola LED argiak, audio bidezko seinaleztapena, braille sistemak, gorabeheren berri emateko sistema automatikoak, eta larrialdietarako une oroko arreta.

Lau hilabeteko lana

Esan moduan, aurreikuspena da lanak udazkenean astea eta, behin hasita, lau hilabete iraun dezake prozesuak, bi igogailuen desmuntatze eta muntatze lanak egiteko. Proiektuaren aurrekontua 176.000 eurokoa da (BEZik gabe), eta enpresek prezio horren azpitik eskaintzak aurkezteko aukera izango dute. "Prezioan sartuta daude igogailu zaharrak desmuntatzea, berriak muntatzea, hauen legalizazioa, mantentze-lanak eta salmenta osteko zerbitzuak", zehaztu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak