Akordioa Audientzia Nazionalean
Ekainaren 23an, Ongi Etorri auziko sei auzipetuen defentsak, fiskaltzak eta akusazio partikularrek bi urteko espetxe zigorra adostu zuten, epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean hastekoa zen egunean bertan. Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio, ezker abertzaleko militanteak, ez dira, ondorioz, espetxeratuak izango, adostutako zigorrak espetxeratzea ekiditen baitu.
Sortuk azaldu du akordioa "Euskal Herriko konponbide prozesua blindatzeko" helburuarekin lortu zutela. Hasieran, fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen seientzat: hiru urte eta sei hilabete erakunde kriminal bat zuzentzea egotzita, eta beste bi urte eta hilabete, "biktimak umiliatzearen" delituagatik.
11 Euskal presoren babesa
Manifestuan, Ongi Etorrien auziaren inguruan martxan jarritako prozesua "fartsa judizial" gisa izendatu dute, "askapen borrokaren oinordekotzat jotzen direnen eskutik" erdietsitako azken akordioek “borreroen egia geure egitea” dakarrelakoan. Salatu dutenez, jazarpenean tematuta daudenen aurrean ateak parez pare ireki dizkiete,"honetan murgiltzeko baldintzak erraztu egin dizkiete, bai maila juridikoan, bai ideologikoan zein diskurtsiboan".
Kezkaz eta larritasunez bizi dute "bakearen izenean ematen ari diren ustezko pausuak" eta gaineratu dute, "frantziar zein espainiar estatuen jazarpena elikatzen egotea". "Euskal preso politiko iheslari eta deportatuen sostengu eta elkartasunaren aurkako kriminalizazioari begira emandako aurrerapausoa" salatu nahi izan dute.
Askeren manifestua egun espetxean dauden hamaika euskal presok sinatu dute, baita hainbat preso ohik ere.