Udazkenean hasiko dira San Josepen zarataren aurkako pantailak jartzen

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko uzt. 17a, 11:58

Hainbat ibilgailu, GI-627 errepidean, San Josepeko etxebizitzen parean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak soinua xurgatzen duen hormigoizko 148 metroko pantaila lerro bat jarriko du GI-627 errepidean, lau metroko alturakoa. Lanek hiru hilabete iraungo dutela aurreikusten dute. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 537.308,87 eurokoa da (BEZa barne).

Zarataren aurkako ekintza planaren baitan egingo dute esku-hartzea. "Izan ere, egunero, batez beste, 6.000 ibilgailutik gorako intentsitatea duten errepideetan pantaila akustikoak jartzea aurreikusten du planak. Egindako azterlanen arabera, inguru horretan 146 pertsonak jasaten dute gomendatutakoa baino zarata-maila handiagoa, eta pantaila berriei esker, hobekuntzak 372 pertsonari ekarriko die onura".

Obrak egunez eta errepidearen aldetik egingo dituzte eta, horretarako, errei bat itxi beharko dute lanek iraun bitartean. Gainera, euri-uren drainatzea hobetzeko lanak egingo dituzte, "azpiegituraren funtzionaltasuna eta segurtasuna indartzeko".

Errepide berean, ospitalearen parean, pantaila akustiko berriak jartzeko azterlana amaitzen ari dira. Kasu horretan, antzerako ezaugarriak dituen 115 metroko pantaila-lerroa kokatzea planteatzen dute.

Bedoñako errepidea zabaltzeko lanak

Horrekin batera, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamendua Bedoña auzora igotzeko GI-3554 errepidea zabaltzeko eta eraberritzeko proiektua lantzen ari da, "bide horren segurtasuna eta funtzionaltasuna indartu eta ibilgailuen arteko gurutzaketa errazteko". Helburu nagusia da ibilbide osoan ibilgailuak igarotzeko gutxienez bost metroko zabalera bermatzea.

Gaur egun, proiektua jendaurreko erakustaldi epean aurkeztutako alegazioei erantzuteko fasean dago. Aurreikuspenen arabera, obrak urtea amaitu baino lehen lizitatu behar dituzte, eta 2026 hasieran hasi. Proiektuaren aurrekontua 777.261,69 eurokoa da, eta gauzatzeko aurreikusitako epea, bost hilabetekoa.

Esku-hartzeak errepidearen plataforma handitzea aurreikusten du, 6,5 metroko zabalera lortu arte. "Horietatik 5 metro galtzada erabilgarrikoak izango dira eta 1,5 metro gehiago urak biltzeko areketarako eta euste- eta segurtasun-sistemak instalatzeko". Trazaduraren zatirik handienean, ezkerreko aldera zabalduko da –mendi magala–, egungo trazadura errespetatuz. Hala ere, azken 60 metroetan, Bedoñara hurbiltzean, eskuinerantz egingo dute handitzea.

Azkenik, drainatze-sistema guztiz berrituko dute 836 metroko tartean, dauden sarrerak berreraikiz eta hiru kutxatila berri jarriz. Era berean, euste-sistemak berritzea eta zorua osorik birgaitzea aurreikusten du Aldundiak, eragindako luzera osoan, seinaleztatze- eta pintatze-lanekin amaituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak