Ohi moduan, udaleku itxiak zein irekiak egin dituzte aurten ere. Udaleku itxietan, sortu duten "konfiantzazko giroa" nabarmendu dute Txatxilipurdiko kideek. "Udaleku familiarrak izan dira. Ozetan, GaraiOn sorgingunean igaro ditugu udalekuak eta askotariko tailerrak egiteko aukera izan dute haur eta nerabeek: tela akrobatikoak, arku-tiroa, bibak ere egin zuten Gebarako gazteluan, Garaiotik bizikleta ibilaldia eta abar".
Bestetik, itxien baitan, udaleku ibiltaria ere egin dute, Bergaran hasi eta Mutrikura arte oinez joanda. "Gorla, Azpeitia, Xoxote, Lastur, Deba, Itziar eta Saturraran izan dira gure geltokiak. Nabarmentzeko ekintzak izan dira surf eta txalaparta tailerrak".
Udaleku irekiei dagokienez, ekintza azpimarragarrienak sukaldaritza, ur-jolasak, ginkanak, zikin eguna, musika eguna eta erraldoien eguna izan dira. Horiez gain, Gorlara eta Osintxura joan dira gaua pasatzera.
430 haur eta 68 hezitzaile
430 haur aritu dira udaleku irekietan eta itxietan, aldiz, Ozetan 61 nerabe eta ibiltarian, 21. Era berean, irekietan 57 hezitzaile aritu dira eta itxietan, hamaika.
Eguraldiari dagokionez, azkenik, diote baldintzatzen duela ekintza zehatz batzuk egiterako orduan, baina guztiak direla moldagarriak. "Euriarekin ere, udalekuak aurrera eramaten ditugu; zira jantzi, eta gozatzera! Ibiltarian ere euriarekin ibilaldiak egin ditugu".