Hirugarren egunez, blues doinuak nagusi herriko hainbat txokotan

Oihan Loiti Iraola 2025ko uzt. 12a, 14:24

Gaur, zapatua, blues doinuez bete da Arrasateko erdigunea. Hotel Mondragón tabernaren kanpoaldean eta Taupa tabernaren aurrealdean kontzertuez gozatzeko aukera izan da, eta Blues  zale ugari hurbildu da bertara.

Eguerdian, Itziar Yagüek eta Paul San Martinek Sugar in my Bowl izeneko ikuskizuna eskaini dute. Eguraldiak lagundu du eta ikus-entzuleek oso giro atseginean gozatu dute kontzertuaz.

Arratsaldean, eguraldiaren gorabeherak medio, antolatzaileek Monte tabernaren parean egitekoa zen kontzertua Taupa tabernako arkupetara lekualdatu behar izan dute. Bertan aritu dira, Nico Wayne Toussaint eta Michel Foizon, jendearen oinak dantzan jartzeko asmoz.

Itziar Yagüek, oholtzatik, eskerrak eman dizkie entzuleei eta azpimarratu du horrelako jaialdiek blues musikarentzat duten garrantzia. Nabarmendu du, gainera, Arrasaten jotzea bai beretzat bai bere generorako ohore handia dela.

Arrasate Blues jaialdiaren zazpigarren edizioak ostegunean hasi zuen ibilbidea, jende ugari bilduz. Atzoko arratsaldean ere blues doinuek hartu zituzten hainbat gune: Zigarrola, Taupa taberna eta Aterpe taberna. Hala ere, euriak eraginda, bertan behera geratu zen Irati tabernaren ondoan egitekoa zen Jac Electric taldearen kontzertua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak