Al Ahli Arab osasun-taldea eta Hilbehera taberna elkartu egin dira, azoka solidario bat antolatzeko eta, horren bidez, "helburu oso argi bat" lortzeko: "Palestinako herriak jasaten ari den genozidioaz hitz egiteari ez uztea".
Gertatzen ari den egoeraren aurrean, erantzukizuna sentitzen dutela diote, "gure tokitik jarduteko, ikusgarri egiteko eta babesteko". Horregatik, azokak helburu bikoitza izango du: kontzientziatzea eta laguntzea. Hala, prezio sinbolikoetan salduko dira liburuak, jostailuak, arropak eta bizikletak.
Bildutako dirua Acbat Jaber izeneko errefuxiatuen kanpamenduko emakume eta haurren etxe batera bideratuko dute, Zisjordaniara, harreman zuzena duten tokira. "Animatu eta etorri. Egin dezakezun ekarpen txikienak ere badu garrantzia. Palestinako herriek laguntza behar dute", azaldu dute. "Eskerrik asko aldez aurretik Arrasateko herriari eta dohaintza partikularrei".
Azokarekin batera, kontzertu akustikoa ere egongo da, Franz Detour musikariaren eskutik.