Osorik Taberna, Tximitxangas, Astuan Bila, Titiriteroz, Futbol Clus Latinos, RGLT, Kliperklan, Sukusuku, JDC, Palestina FC, Atletico Guarani, Boniato Crew eta Tutifruti FC taldeak lehiatu dira Mondratekoek antolatu duten 24 orduko txapelketan, Zaldibarren. Norgehiagokak zapatu goizean hasi zituzten, 08:00etan, eta egun osoan zehar bero itogarriari aurre egin eta gero gauerdian amaitu zen lehen fasea eta hor talde onenek egin zuten aurrera. Bada, goizaldeko 04:00etan amaitutako finalean Tximintxangas nagusitu zen, eta Astuen Bilakoek bigarren postuaz konformatu behar izan zuten. "Intentsitate altuko partidua 1-0 irabazten hasi zen Tximitxangas, banako berdinketa lortu zuten Oxel Luengoren golarekin eta 2-1ekoa bi minuturen faltan heldu zen. Gero, aukera garbiak izan zituzten partidua berdintzeko baina ez zen gol gehiago izan", adierazi dute torneoak emandakoaz gustora geratu diren Mondarteko lagunek.
Bakarkako sariei dagokionez, Haritz Ezpeleta Pako-rendako izan zen jokalari onenaren saria, eta Danel Argoitia Baldik jaso zuen atezain onenaren saria. Txapelketako golegile nagusia, berriz, Mondrako aurrelari Iker Pavon izan da, sei golekin.