Gazte gara gazte

Olatz Zuazubiskar: "Frustragarria bezain polita da inspirazioa bilatzeko prozesua"

Julen Murua Mesonero 2025ko eka. 27a, 13:00

Pintzela eskuan hartu eta ilustrazioak egitea du gustuko Olatz Zuazubiskarrek (Arrasate, 2002); izan ere, Diseinu Grafikoan graduatua da. Gainera, eta berezitasun gisa, oporretara joaten den toki bakoitzeko postalak etxera eramaten ditu arrasatearrak. Kozinatzea eta bertsolaritza ere gustuko ditu, baina, azken horri lotuta, bertsolariei gaiak jartzen hobeto moldatzen da bertsotan egiten baino

Diseinu Grafikoko gradua eginda, masterra egiten ari zara.

Bai, Diseinu Grafikoko masterra egiten ari naiz. Diseinuaren inguruan gehiago sakontzeko aukeratu nuen masterra.

Proiektu pertsonala ere abiarazi duzu; pertsonen ilustrazioak jartzen dituzu erdigunean?

Pertsonak jartzen ditut erdigunean askotan, bai; erreferente ditudan pertsonak marrazten ditut, baita ingurukoak ere. Gustatzen zait pintzel ezberdinak erabiliz ilustrazioak sortzea.

Pentsatzen dut inspirazioa bilatzea gakoa izango dela zuretzat; non edo nola bilatzen duzu?

Egunkarian, modako aldizkarietan, Instagramen, Pinteresten... Asko gustatzen zait inspirazioa bilatzeko momentu hori. Askotan, frustragarria ere izan daiteke, justu behar duzuna ez duzulako aurkitzen, baina prozesua polita da. Ederra izaten da, bat-batean, gutxien bilatu duzun horretan ideia zaparrada polita etortzea.

Bidaiatzea eta postalak; azaldu egiguzu zaletasun hori.

Leku berri batera noanean oporretara, izan ordubetera edo lau ordura dagoen leku batera, gustatzen zait bertako denda txikietan aurkitu daitezken postalak erostea. Konturatu gabe hasi nintzen bilduma moduko bat egiten, eta orain, toki berri batera noanean, gustatzen zait postal bidez ekartzea hango zerbait.

Sukaldean ibiltzea ere gustuko duzu; Diseinuan graduatuta dagoen batek kozinatzeko orduan ere bilatzen du sorkuntza?

Lehen, erraza zen milaka errezeta aurkitzea; baina orain, sare sozialetan ere errezeta errazak eta, aldi berean, gozoak agertzen dira. Gustatzen zait postreak eta plater berriak egitea. Gustatzen zait kozinatzea, baina errezeta errazekin beti hobeto.

Baduzu beste zaletasunik?

Ibiltzen naiz bertsolaritzaren munduan bertsozale, eta, tarteka, gai-jartzaile ere aritu naiz. Umetatik gustatu izan zait arratsalde bat hartu eta bertso saio bat ikustera joatea.

Gaiak jartzera bai, baina bertsotan egitera ausartzen zara?

Bertsozalea izan naiz txiki-txikitatik, eta bertso eskolara joaten hasi nintzen, guztiok hasten garen moduan. Bertsotan egin izan dut, baina uste dut ez naizela ondo moldatzen. Gehiago gozatzen dut bertsozale edo gai-jartzaile.

 

MOTZEAN

Bidaiatzeko toki bat? Portugal.

Janari gustukoena? Gazta-tarta.

Eta gorrotatuena? Okela txikitua.

Bailarako parranda bat? Santamasak.

Irakurritako azken liburua? No somos parte del mundo.

Arrasateko toki bat? Zaldibar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak