'Zutabe' saria lortu dute Doke antzerki taldekoek 'Oinarria' antzerki topaketan

Julen Murua Mesonero 2025ko eka. 24a, 11:37

Doke antzerki taldeko kide batzuk 'Zutabea' sariarekin. Argazkia: Doke antzerki taldea

Besteak beste, obraren gidoiagatik eta lanaren egokitzapen onagatik lortu dute saria.

Alegiko Intxurre antzerki taldeak antolatuta, Oinarria antzerki topaketa amateurra egin zuten joan den asteburuan. Euskal Herriko hainbat herritako taldeak gonbidatu zituzten; tartean, Arrasateko Doke antzerki taldea. Parte hartzaile guztiek jaso zituzten oroigarriak, eta Dokekoek Zutabea saria jaso zuten Hemen ez du inork ordaintzen laneko"gidoiagatik eta egokitzapen onagatik; baita taldeko adin aniztasunagatik ere". Gainera, taldeko kide Maider Alcelayk dioenez taularatzea ere "positiboki" baloratu zuten ikus-entzuleek, eta "obraren mezu nagusia ondo transmititzeari eta entretenigarria izateari" ere garrantzia handia eman zioten. Hala, "oso gustura" bukatu zuten Doke antzerki taldeko kideek Alegin egindako lanarekin.

Zirkuitu txikien garrantzia

"Oso polita" da, Alcelayren ustetan, beste herri batzuetako antzerki taldeekin elkartu eta norberaren obra gainontzekoen aurrean taularatzea. "Antzerki amateurreko zirkuitu gutxi" daudela dio arrasatearrak, eta halakoetara joateko aukera dagoenean "aprobetxatu" egin behar dela uste du. "Zirkuitu txikiak bizirik mantendu behar dira. Alegikoek adierazi zigutenagatik, jarraipena emateko asmoa dute, eta hori garrantzitsua da", dio arrasatearrak.

Hiru urte daramatzate Dokekoek Alegian taularatu zuten obra lantzen. Bergaran egingo dute azken emanaldia, urriaren 25ean, Seminarixoa aretoan. Emanaldi horrekin bukatutakoan, "beste zerbait lantzeko gogoz" daudela dio Alcelayk, nahiz eta oraindik ez duten ezer erabakita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak