Adin tarte guztietako herritarrei zuzendutako eskaintza da Freskura. "Haur, nerabe eta helduei igerilekuan dauden momentuan euskaraz ongi pasatzeko aukera eskaini nahi diegu, uztailean ere euskaraz jolastu, irakurri eta goza dezaten", diote antolatzaileek. "Uztaileko arratsaldeetan, euskaraz disfrutatzeko aukera paregabea da Freskura. Hurbildu igerilekuko txokora euskaraz gozatzera".
Ibai Gonzalez izango da, aurten ere, Musakolako igerilekuko txokoan egongo den erreferentziazko pertsona. "Horrekin, euskarazko askotariko produktuen ezagutza eta erabilera sustatu nahi ditugu", azaldu dute antolatzaileek.
Era berean, Freskura irakurketa kluba egongo da aurten ere, "helduentzako irakurketa klub freskoa", antolatzaileen esanetan. "Hala, Arrasateko Udal Bibliotekarekin batera, irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, liburu bat irakurtzeko proposamena luzatu nahi dugu eta aurtengo liburua Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu da".
Modu horretan, uztailaren 16an, 18:30ean Eneko Barberena idazlearekin elkartuko dira liburuaren inguruan berba egiteko, Musakolako igerilekuan bertan. Solasaldian parte hartzeko, izena eman beharko da, lotura honetan, Udal Bibliotekan edota Txatxilipurdin. Horrekin batera, liburua irakurri nahi dutenentzat, eskuragarri egongo da Bibliotekan eta Freskurako igerilekuko txokoan.