Handik hona

Tameer Hussain: "Ez diot inori gomendatzen nik egin nuen bidea egitea"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko eka. 23a, 09:49

Tameer Hussain, Arrasateko Kontzezino kalean, eguaztenean. (Argazkia: I.A.A.).

2009an irten zen Pakistandik Tameer Hussain (Fatehpur, Pakistan, 1981), egoera ekonomikoagatik, eta hilabete eta 23 egun behar izan zituen Greziara heltzeko. 2010 amaieran heldu zen Arrasatera.

Zergatik irten zinen Pakistandik?

Egoera ekonomikoa oso txarra zen. Ile-apaintzailea nintzen, baina ezin nuen familia mantendu.

Zuzenean Arrasatera etorri zinen?

Ez. Migratzaile bezala, Iranera sartu nintzen lehendabizi. Gero, Turkian, Grezian, Bartzelonan eta Logroñon egon nintzen. Handik Arrasatera iritsi nintzen 2010 amaieran.

Greziaraino kilometroak egin zenituen; nola mugitzen zinen?

Oinez, kamioietan; zenbaitetan, autobusean... Behin edo behin, auto baten maletategian ere bidaiatu dut. Turkiatik Greziara pateran joan nintzen.

Zer hartuta alde egin zenuen Pakistandik?

Motxila bat. Euritako bi praka nituen, zapata pare bat, jateko zerbait eta diru pixka bat.

"Gasteiztik autobusean heldu nintzen. Gaua zen, baina dena mendia zen; zenbat mendi!"

Hainbat muga zeharkatu dituzu; zein zailtasun bizi izan dituzu?

Oinez gauez ibili gintezkeen muga pasatzeko. Iran eta Turkia arteko mugan, batetik bestera mugitzen zen foku handi bat zegoen. Korrika pasa behar genuen argiak jotzen ez zuen lekutik, baina ikusi egin gintuzten eta poliziak tiro egin zigun. 30 lagun inguru ginen, eta bati belaunean eman zioten. Turkian oso arriskutsua zen mendi bat ere bazegoen. Jatekorik ere ez genuen ia; fruitu lehorrak bakarrik. Filma dirudi, baina nire errealitatea da. Bizitzeko oso gogorra. Mugak zeharkatzea zaila da. Hizkuntzarik gabe, gainera. Bidean norbaitekin hitz egiterik izan banu, azalduko nion, eta, agian, lagunduko zidan.

Nola gogoratzen duzu halako egun bat?

Pasatutako beste egoera bat kontaktuko dizut: Turkiako mendi hartan geunden, muga gauez zeharkatzeko, baina euri-jasak izugarriak ziren. Gau osoa euritan. Hurrengo gauera arte zain egon behar izan genuen handik mugitu gabe. Beste behin, ez genuen ia jatekorik.

Beldur handia pasako zenuen.

Garai hartaz gogoratzean, ikara sentitzen dut. Nire anaiak etorri nahi du ni etorri nintzen bide beretik, baina ez diot baimenik ematen. Pakistandik atera nahi duen inori ez diot nik egin nuen egitea bidea gomendatzen. Jende pila hiltzen da. Batzuetan, albiste da; beste batzuetan, ez. Turkiako mendi hartan gorpu pila ikusi nituen; hezurrak, burezurrak...

Azkenean, Arrasaten; nolatan?

Logroñon ez nuen lanik, eta ezagun batek esan zidan Arrasatera etortzeko, lan egitea errazagoa zelako. Ile-apaintzailea nintzenez, esan zidan hemen norbaiti lagun ahalko niola.

Debagoiena ezagutzen zenuen?

Ez, baina nire herrikide guztiek zioten Euskal Herria oso leku ona zela lanerako, eta horretara etorri nintzen. Egia da pakistandar askok obran egiten dutela lan, baina ni ez naiz horretan sartu.

Arrasatera heldu zinenean zerk harritu zintuen?

Gasteiztik autobusean heldu nintzen. Gaua zen, baina dena mendia zen. Zenbat mendi! Esaten nuen: "Nola bizi dira hemen?". Gainera, apirila zen, eta maiatz bukaera arte ura erortzen zen zerutik; ura, ura eta ura. Inoiz hainbeste euri ikusi gabe nengoen. Gero jakin nuen zirimiria zela [Barre]. Arrasatek Pakistango Balochistan gogorarazten zidan. Irango mugan dagoen hiria da.

"Ez nago etorri nintzenean bezala; asko sufritu dut ile-apaindegia ireki nuen arte"

Paperik gabe heldu zinen; asko konstatu zitzaizun lortzea?

Espainiako legeak zioen hiru urte eman behar nituela hemen. Lana aurkitu behar nuen, eta hori ere kostatu zitzaidan. Pertsona berri bat datorrenean oso zaila da lana topatzea. Gainera, hizkuntza ez nekienez... Ezin baduzu lan-eskaintza hori zergatik behar duzun azaldu, zaila da. Atzerritar bati lana ematea mesede handia da. Azkenean, lan eginda Gizarte Segurantzako txartelak berritzen dituzu.

Emaztea ere hemen dago dagoeneko.

Errazagoa izan da. Lau-bost urteren ostean, legala nintzen. Lana nuen, eta pisu bat. Hara joan nintzen ezkontzera, eta emaztea hona ekartzeko tramiteak hasi nituen. Pandemiagatik, gehiago iraun zuten tramiteek. Orain, bi seme-alaba dauzkagu.

Espektatibak bete dira?

Erdia bete da. Ez nago etorri nintzen lehen egunean bezala. Asko sufritu dut ileapaindegia ireki nuen arte. Orain, ez daukat kexarik.

Zailtasunik handiena hizkuntza izan da Tameer Hussainendako

Arrasatera heldu zenean izan zuen zailtasunik handiena hizkuntza izan zen Hussainendako. Helduen Hezkuntzan ikasi zuen gaztelaniaz, eta, dioenez, gustatuko litzaioke euskara ikastea. Dena den, dio lehendabizi gaztelaniaz ikasi behar duela "ondo". Pakistandar batendako Arrasaten bizitzea "erraza" da: "Nire herrikideak ikusten ditut, eta ondo daude. Langile batentzat ez dago zailtasunik. Ondo hartzen gaituzte. Ez dut ezer arrarorik sentitzen. Grezian bizi nintzenean, jendea arraro sumatzen nuen".

Ohitu egin da Arrasaten bizitzera: "Hasieran, denbora osoan etxean nengoen, eta ez nuen ia inor ezagutzen. Ileapaindegiarekin, ia herri osoa ezagutzen dut". Horixe gustatzen zaio gehien herritik: lana; eta negozioak ere lagundu dio herrian integratzen. Osasun-sistema eta hezkuntza-sistema ere egoki ikusten ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak