BDZ –Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak– taldeak eta Txosna Batzordeak mobilizazioa egin dute gaur, egubakoitza, San Andresko Maiatzaren Lehena plazan hasita. Palestina askatu. Israelekin harremanak eten lelopean, ugariak izan dira mobilizatu diren arrasatearrak. Mobilizazioaren ostean pozik agertu da BDZ taldeko kide den Iraitz Etxaburu: "Oraindik ez dugu taldean hitz egin, baina zenbat jende etorri den ikusita balorazioa positiboa izango delakoan nago. Nik gutxienez ez nuen horrenbeste jende espero, eta hau ikusteak ilusioa eragiten du".
Ez da kasualitatea izan horrelako mobilizazio bat jaien bueltan antolatu izana, eta Etxaburuk adierazi duenez, beharrezko ikusten dute: "Jaien barruan borroka egon behar dela uste dugu, aldarrikapen momentua ere izaten dela". Gainera, BDZ "garaipen" bat eskuratzetik datorrela gogorarazi du, aurreko astean BM supermerkatutik israeldar jatorriko pipak, datilak, ahuakateak eta patatak kentzea lortu zutelako, eta datilak, berriz, Eroskitik. Mobilizazioa hau plazaratzeko ere baliatu nahi izan dute.
Musikarien babesa
Aurreko asteetan mobilizaziorako atxikimendu zerrenda ireki zuten antolatzaileek, bereziki musikari eta musika eragileei bideratuta, eta hauek ez zuten hutsik egin. Guztira 32 musika-eragile batu ziren mobilizaziorako deira: Etxepe, Des-Kontrol, Nick Linbött, Perlata, Aggressive Combat, Garratz, Rebel Noise, Ginka Biloba, Sertx, Añube, El Volquete, Kontralde, Legez Kanpo, Hankaz Gora, Anixe, Tatta, Garazi Barrena, Maniaks, Nealta Folla, Never Surrender, Sin + Taldea, Trumans, Ttakun, Neomak, La Banda del Abuelo, Erromintxelak, Fane, Ekiñe, Dj Goiko, Izadi, Olatz Musika Akademia eta Assata.
"Oso eskertuta gaude musikariei, aurrez babestu izan gaituzten taberna eta eragile guztiei ere bai" adierazi du Etxaburuk mobilizazio amaieran. Aggressive Combat taldeko Aritz Raijin 'Sid' musikariak azaldu duenez, garrantzitsua da musika-eragileek babesa erakustea horrelako ekimenei: "Garrantzitsua dela uste dut, ahal dugun neurrian gauza hauek babestu behar ditugu eta jendea horrelako gauzetara etortzea lortu".