Ternua, Astore, Lorpen eta Loreak Mendian markek osatzen dute Ternua Group, eta, egoitza nagusia Arrasaten badago ere, beste ekoizpen planta bat dauka Etxalarren. Gaur egun, 180 langile ditu.
Goiena horietako hainbatekin jarri da harremanetan, baina ez dute adierazpenik egin nahi izan; bai, ordea, taldearen markako arropa saltzen duten denda batzuetakoek. Funtzionamenduari dagokionez, ohiko moduan jarraitzen dutela adierazi du horietako batek: "Beti bezala ari gara jeneroa jasotzen. Neguko materialarekin ikusiko dugu zer gertatzen den, baina urtebeteko aurrerapenarekin eskatzen da, eta suposatzen dut ez dela arazorik egongo". Taldearen marketatik ondoen saltzen dutena Ternua dela gaineratu du, baita dendan dituzten gainerako mendiko markak baino zertxobait gehiago ere.
"Hamarreko zerbitzua"
Penaz hartu dutela albistea azaldu du beste salmenta-puntuetako batetik Goienaren deiari erantzun dion langileak: "Izugarrizko pena hartu dugu berria jakiterakoan. Beti saiatzen gara bertako markak bultzatzen eta oso harreman estua dugu eurekin. Tratu oso gertukoa, detaile guztiak zainduz... Hamarreko zerbitzua eman digute beti".
Joan den asteko egubakoitzean aurkeztu zuen taldeak borondatezko hartzekodunen lehiaketa Donostiako auzitegian, ezin diolako aurre egin 16 milioi euroko zorrari; edozelan ere, Ternua Group-en nahia da ekoizpenari eta lanari eustea.