Ohiko bazkari eta afariak aukeran herritarrentzako

Naia Laka Arrizubieta 2025ko eka. 20a, 11:00

Dragoi-janak, gazte bazkariak, 'Zeuk iñ, zeuk jan' bazkari autogestionatuak zein kantu afariak adin askotariko herritarrentzako gozamenerako aukera emango dute. Txartelik geratzen bada, interesatuek azkar ibili beharko dute haiek lortzeko.

Aurtengo jaietan ere herri bazkariez eta afariez gozatzeko aukera egongo da gustuko duenarentzako; ohiturari jarraituz, betiko janak betiko erara egingo dira eta arrasatearrek ez dute hutsik egingo.

Dragoi-jana

Dragoi-jana festetako zitarik garrantzitsuenetakoa izaten da, ia 30 urtez ospatua eta urtez urte arrakasta errepikatzen duena. Domekan, ekainak 22, gaueko bederatzietan izango da, Herriko Plazan –euria eginez gero, Uarkape pilotalekuan–. 400 pertsonarentzako lekua egoten da, eta txartelak azkar saltzen dira; oraindik ere baten bat saltzeko egonez gero, egunean bertan Herriko Plazan egongo dira saltzen. Menuak ez du aldaketarik; beti bezala, plater nagusia txuleta izango da, piperrekin –txuletarik nahi ez duenak hanburgesa begetala izango du aukeran–, eta ondoren, postrea eta kafea.

AEDk eta AEK-k antolatua, AEDko Itxaro Artolak hauxe esan du: "Sortu zenean helburu garbia zuen, giro euskaltzalea Herriko Plaza Nagusira eramatea, erdigunean euskara eta euskal giroa jartzea".

Gazte bazkaria

Biharamunerako, ekainaren 23an, 14:30ean, ohiturari jarraituz, Txosna Batzordeak gazte bazkari herrikoia antolatuko du. Iazko moduan, Uarkape pilotalekuan egingo da eta 400 lagun inguru batuko dira. Oraindik ere txartelen bat gelditzen bada, gaztetxean izango da salgai. Aurtengo honetan, aipagarri bezala, 2007an edo lehenago jaiotakoek lortu ahal izango dute bazkarirako txartela. Menuan, urtero bezala, paella izango da plater nagusia.

Plaza gehiago eskura

Ekainaren 25ean, Zeuk iñ, zeuk jan kuadrillen arteko bazkari herrikoia egingo da aurten ere, eta 15 plaza geratu dira libre. Oraindik eskuragarri egongo balira, Udalaren webgunean eman daiteke izena. Gaurko kantu afarirako 75 plaza gehitu dira, eta, kasu horretan ere, Udalaren webgunean eman daiteke izena, oraindik plazarik balego.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak