PSE-EEren hitzetan, ohar baten bidez adierazi duenez, "nahiz eta talde sozialistak oposizio eraikitzailea, proposamenak egiten dituena eta herritarren ongizatearekin konprometituta dagoena egin duen, Arrasatek ez du aurrera egin proiektu estrategikoetan", eta, horrenbestez, "kezkatuta" daude: "Iturripe edo Mugikortasun Plana bezalako proiektu estrategikoak martxan jartzeko bi urte behar izan dira; Udal Gobernuaren ekintza faltari erantzuten dio horrek".
Hain zuzen ere, agintaldi erdiko balantzean aipatu ditu uste horiek talde sozialistak, eta beste hainbat erabaki ere salatu ditu, "zergen igoera arbitrarioan" azpimarra eginez: "PSE-EEk igoera horren aurka bozkatu zuen, lortzen duen bakarra herriko familien etxeetako ekonomian zama gehiago jartzea baita. Ez zegoen inolako beharrik, gastatu ez diren soberakin asko dituztelako".
Oposiziotik "ekarpenak"
PSE-EEren esanetan, 2025eko udal aurrekontuak onartu zituzten "euren proposamenetako asko aintzat" hartu zituztela iritzita: "Esaterako, Gorostizako igogailua periferia erdigunearekin hobeto lotzea, eguzki-energiaren bultzada plaka fotovoltaiko gehiagorekin, eta Santa Teresa, Doneztebe Portua eta Udala auzoak berrurbanizatzea. Ekarpen horiek erakusten dute oposizioak herritarren bizi-kalitatea ere eraikitzen eta hobetzen duela".
Horrez gain, erantsi dute Mugikortasun Plana babestu dutela, eta "hobekuntza nabarmenak" egin dizkiela, "hala nola Gipuzkoa Etorbidean bide bikoitza kontserbatzea eta Zalduspen geltoki intermodala mantentzea". Are, azpimarratu dute gogoan izan behar dela "talde sozialistaren beste apustu garrantzitsu bat: zerbitzu publikoak hobetzea, bereziki Iturripe kiroldegia".
Kartelak eta pintaketak
Halaber, "Udal Gobernuak herritarren arteko elkarbizitzan eragiten duten kartelak eta pintaketak kendu ez izana" salatu dute sozialistek, "dudarik gabe" agintaldi honetako "puntu beltzena" dela nabarmenduta: "Onartezina da biktimen duintasuna iraintzen duten elementuak ikusi behar izatea gure kaleetan. Horrek erakusten du Bizikidetza Batzordea porrota dela". Hala, jakinarazi dute batzorde horretara ez joatea pentsatzen dabiltzala.