Arrasate Blues jaialdiaren harmonika ikastaroa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko eka. 19a, 11:11

Greg Izor harmonika-jolea. Argazkia: Arrasate Blues jaialdia.

Greg Izorrek eta Emilio Arsuagak egingo dute uztailaren 12an; aurrez izena eman behar da.

Uztailaren 10ean, eguena, hasi eta 13ra bitartean egingo du aurten Arrasateko Ibai-Arte merkatari elkarteak, Arrasateko Udalaren laguntzarekin, Arrasate Blues musika jaialdia.

Ohi moduan, herriko gune ezberdinetan egingo dituzten kontzertuak izango dira jaialdiko egitarauaren osagai nagusiak, baina bestelako gehiago ere antolatu dituzte, esaterako, Greg Izorrek eta Emilio Arsuagak gidatuko duten harmonika ikastaroa. Uztailaren 12an, zapatua, egingo dute 11:00etan hasita. "Bi maisu handi dira Izor eta Arsuaga instrumentuaren nazioarteko erreferente. Gure jaialdia ondo ezagutzen dute biek ala biek, bada, euren jakintza partekatuko dute harmonika inoiz jo ez dutenekin eta baita tresna hori erabiltzen dakitenekin ere. Ikastaroan parte hartu gura dutenek izena eman behar dute aurrez, 630 149 252 telefonora deituta; uztailaren 10a da izena emateko azken eguna eta hamar euro dira ordaindu beharrekoak. Azalpen oso interesgarriak jasotzeko aukeraz gainera, harmonikak eskuratzeko bidea ere izango da ikastaro horretan", diote jaialdiko antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak