Prestaketa lanak amaitu berritan, eta beroaldia datorrenez, Udalak igerilekuak zabaltzea erabaki du. Ur-txorrotak, aldiz, egubakoitzean irekiko dituzte, "kontratu bati lotuta daudelako eta oraindik probak egiten ari direlako".
Udako denboraldian "antolaketa hobea" bermatzeko, honako bi gauza hauek azpimarratu ditu: "Udako abonua Musakola kiroldegiko harreran tramitatzen da, aurrez aurre; eta igerilekuaren ordutegia 10:00etatik 20:30era izango da udako denboraldian, ostiraletik aurrera".
Bihartik aurrera, udako abonua duten pertsona guztiak sartu ahal izango dira kanpoko igerilekuetara. Horretarako, hainbat jarraibide helarazi ditu kiroldegiak: "Ezingo da tornuetatik sartu alta osatu arte eta telefono bidezko izen-emateak ez dira onartzen; identifikazioa derrigorrezkoa da, hau da, txartela, hatz-marka edo mugikorreko QR kodearen bidez, sartzeko eta irteteko sistema berdina erabili beharko da; ekainaren 19ra arte, abonua egiten dutenen artean hiru udako abonu zozketatuko dira".
Tornuak berritu dituzte eta aurrerantzean bi noranzkokoak izango dira, bietatik sartu ala atera ahal izateko. "Modu horretan, pertsonen trafikoa erraztu nahi dugu", diote udal ordezkariek. Gainera, QR kode bitartez sartzeko aukera ere emango dute tornu berriek. Informazio gehiago, hemen.