Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika sustatzea du asmoetako bat Mondragon Unibertsitateak, eta, horretarako, Mondragon ZTIM HUB izeneko ekimena izan du martxan, beste ikasturte batez: 2.600 ikaslek hartu dute parte eta 122 jarduera baino gehiago egin dituzte. "Oso urte emankorra izan da; ikastetxe eta gazte askorekin jarduerak egiteko aukera izan dugu. Orain, sarea zabaltzen jarraitu nahi dugu, eta eragileen rol aktiboa eta elkarlana indartzen, ikastetxeen beharrei erantzuteko, gazte gehiagoren artean ZTIM alfabetatzea eta bokazioak sustatzea helburu", adierazi du Maite Anayak, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren ordezkariak.
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea dira, hain zuzen ere, proiektuaren bultzatzaileak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mondragon Taldearen babesarekin. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako berrogei ikastetxerekin aritu dira lankidetzan, eta hamasei enpresak ere hartu dute parte.
Hiru proposamen berri
Egindako ekintzen artean hiru proposamen berri izan dira 2024-2025 ikasturtean: "Batetik, misterio zientifikoen inguruko benetako erronkak simulatzen dituen ihes-gela egin da, non parte-hartzaileek pentsamendu kritikoa, eta teknologiari eta ingeniaritzari buruzko oinarrizko ezagutzak aplikatu behar dituzte; bestetik, prestakuntzarako online bidezko ikastaro masibo eta ireki bat jarri da abian irakasleentzat, ikasgelako egunerokotasunean ZTIM kontzeptuak integra ditzaten; eta azkenik ingeniaritza eta komunikazioa ardatz dituen udako lehen campusa –ekainaren 30etik uztailaren 4ra, eta uztailaren 7tik 11ra egingo dira, hurrenez hurren– jarri da martxan".