Hilabeteak daramatza Arrasateko BDZ –Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak– taldeak Israelgo jatorria duten produktuen aurkako boikot eta presio kanpaina egiten, eta "eraginkorra" izaten ari dela azpimarratu du. "Douglas-etik Alma marka israeldarra erretiratzea lortu genuen, eta herriko fruta dendatik, berriz, Israeletik inportatutako datilak, patatak, laranjak eta ahuakateak. Herriko ile-apaindegi guztiei israeldar jatorriko kosmetikoa produktuen inguruko informazioa ere helarazi genien, eta denda askoren esker ona jaso genuen, aintzat hartuko zutela erantzunda". Are gehiago, supermerkatuei dagokienez, erantsi dute Alcampo-k eta Zigarrolako Eroski-k eurek "seinalatutako" produktuak kendu zituztela, eta oraintsu lortu dutela BM eta Eroski City-n gauza bera egitea. "Gaur-gaurkoz, daukagun informazioaren arabera, Lidl da israeldar jatorriko edota Israelen ekoitziak diren produktuak salgai dituzte supermerkatu bakarra".
Egubakoitzean, manifestazioa
Taldeak "ez du onartuko" Israel finantzatzen duten produktuak saltzea Arrasaten, eta ohartarazi du "adi" egongo direla produktu horietako batzuk kendu dituzten supermerkatuen jardunarekin, ez ditzaten berriro bueltan ekarri. Lanean jarraituko dute, "Israelekin harreman oro eteteko borroka eta aldarria egiten", eta, horretarako, manifestazioa antolatu dute: hilaren 20an, egubakoitzean, izango da, Maiatzaren 1a plazatik abiatuta, 18:30ean.