Zaldibar frontoian elkartu eta hamaiketakoa egin ondoren, Herriko Plazarako bidea hartuko dute, taldeetan banatuta, erdiguneko auzo eta kaleetan zehar kalejiran. 13:00etan Herriko Plazan elkartu, eta, bazkaltzera joan aurretik, dantza-emanaldi txiki bat egingo dute. "Arrasateko haur dantzarien etxeetan banatuta bazkalduko dute kanpotik etorriko diren haur dantzariek. 17:00etan Herriko Plazan elkartuko gara eta bi orduko alardea egingo dugu guztion artean. Eguna borobiltzeko, Nemux taldearen disko-festa izango dugu", azaldu du antolatzaile eta Txikitxu Arrostaitz taldeko kide Maite Bilbaok.
Dantzazaleek eta dantzariek oso estimatua duten ekitaldia izaten da. "Urtean zehar ikasitakoa kalean erakusteko ekitaldi aproposak dira halako egunak, baita taldeen arteko harremanak sustatzeko eta dantza berriak ikasteko baliagarriak ere".
Hamar talde
Eskualdeko taldeen ordezkaritza izango da: Arrasateko Txikitxu Arrostaitz eta Lore Gazteak, Aretxabaletako Leizarra, Antzuolako Oinarin, Aramaioko Lagun Artean, Oñatiko Oñatz eta Eskoriatzako Gorosarri. "Debagoieneko dantza-taldeen harrobia osasuntsu dago, eta horren erakusle da, esaterako, Eskoriatzan azkeneko urteetan egiten ari diren lana ere bai. Urte askoan bertan behera egon den Gorosarri taldea berpiztu egin dute; iaz Arrasaten egin genuen helduen topaketan estreinatu zuten helduen taldea, eta domekan, estreinakoz, Eskoriatzako haur dantzariak izango ditugu gurean, eta asko pozten gaitu horrek".
Eskualdetik harago, Soraluzeko Urrats taldea izango da, ohi bezala, eta aurten talde gonbidatuak Aguraingo Dardara eta Abadiñoko Talde Batuak dira: "Dantza berriak ikusteko eta ikasteko aitzakia polita ematen digute talde gonbidatuek".