Debagoieneko sortzaile talde baten eskutik, Okil ekimena

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko eka. 13a, 15:13

Okil ekimenaren irudia.

Arrasateko Zerrajera kaleko Dirdir espazioan azoka, pin tailerra eta poesia emanaldia egingo dituzte bihar, zapatua.

Debagoieneko hainbat artista batuta antolatu dute bihar, zapatua, Arrasateko Dirdir espazioan egingo duten Okil ekimena, "eskualdeko sortzaileak saretzeko eta elkarrekin lan egiteko" helburuarekin. "Debagoienean industria eta kooperatibak bai, baina sormenak nekez egin du bere bidea eskualdean. Horri erantzunez izendatu dugu Okila izenarekin ekitaldia; izan ere, okila eskualdeko herriak gurutzatzen dituen Deba ibaian bizi den txoria da, eta, industriak kutsatutako ibaia izanik ere, emankor datorrena. Hala ikusten dugu Debagoieneko sormena ere: emankor, zer eskainiarekin eta zer esanarekin. Biharko ekitaldiak gure artean saretzeko eta aurrerantzean elkarrekin lan egiteko balioko digu", diote antolatzaileek.

Guztiontzako ateak zabalik

Egun osoko egitaraua antolatu dute Arrasateko Zerrajera kalean dagoen Dirdir espazioan, eta interesa duten guztientzako daude ateak zabalik. "Azoka izango da egitarauko osagai nagusia, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00eta- tik 20:00etara, eta bailarako zazpi sortzaile izango gara: MIAU Estudioa; Nolabait Ilustrazioak; Dirdir Bitxiarte; Olaia Benito Ilustratzailea; Jowon Arropa-kustomizazioa; Maule MG Arropak eta Zintzilik Joskintza", diote antolatzaileek.

Azokaz gain, ekimen gehiago ere izango dira: 11:00etan, pin tailerra –aldez aurretik izena eman behar da, 663 77 77 78 te- lefonora deituta–; 12:30ean, marianito musikatua; eta 19:00etan, Tiropitxoia poesia emanaldia, Maria Osesen eta Ane Zuazubiskarren eskutik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak