Bihar, egubakoitza, 20:00etan hasita egingo dute Goikobalu abesbatzak eta AGAk (Arrasateko Gazte Abesbatza), orkestrak lagunduta, Salve Solstitium kontzertua. San Frantzisko elizan izango da emanaldia, eta sarrera doakoa izango da. Salve Solstitium kontzertuaren hirugarren aldia izango da aurtengoa, eta, Goikobaluko zuzendari Iñaki Maidaganek adierazi duenez, emanaldirako "gogotsu" daude parte-hartzaileak.
Bi zatitan banatuta
Emanaldiak bi zati izango ditu: hasierakoan, Goikobalukoek, AGAkoek eta orkestrak hainbat pieza joko dituzte; nagusien abesbatzakoak pieza "klasikoagoak" interpretatuko ditu; gazte abesbatzako kideek, berriz, "modernoagoak". Bukaerako zatia Goikobalu abesbatzak eta orkestrak hasiko dute, Hilarion Eslavaren Salvea interpretatuta. Gero, orkestrak errementari dantzako abestia joko du; eta, azkenik, sanjuanetako eta Euskal Herriko ereserkiak abesbatzetako eta orkestrako kide guztiek batera abestuko dituzte. "Ahal bada, ikusle guztiekin batera", Maidaganek esan duenez.
Semeari testigua
Aurten, baina, nagusien abesbatzako zuzendariak Arrasateko Gazte abesbatzako zuzendari eta bere seme Txomin Maidagani emango dio kontzertuko zuzendari izateko testigua. "Aurten, kontzertu osoa zuzenduko du Txominek; erantzukizun guztia hari eman diot; kar-kar. Oso aske ari da azkenaldian, eta lan ona egingo duela uste dut", dio Iñaki Maidaganek. Kontzertu osoa zuzentzea "erantzukizun handia" dela dio Txomin Maidaganek –Gasteizko II. Abesbatza Lehiaketako lehenengo saria irabazi berri du, A Tempo taldearekin–, baina, etorkizuna "zuzendari izatetik" bideratu nahi duenez, halako emanaldietan "esperientzia lortzea oso onuragarria" dela dio arrasatearrak. Maidaganek aurreikusten duenez, "kontzertua ez da zuzentzeko zaila" izango, eta helburua "ikusleek gozatzea" eta "kontzertu atsegina jotzea" izango da. "Gogotsu" dago, errepertorioa "gustuko" du eta bere burua "ondo" ikusten du emanaldira begira.
Herritarrei gonbita
Aurreko urteetako kontzertuetara "herritar asko" joan direla dio Iñaki Maidaganek, eta biharkoak ere "azken urteetako harrera ona izatea" espero du Goikobaluko zuzendariak. Hortaz, herritarrak "gonbidatu" gura izan ditu kontzertua ikustera joan daitezen.