Ikusgarritasuna ematera dator torneo inklusiboa

Xabier Urtzelai 2025ko eka. 12a, 09:00

Smartlog Ointxapeldunak taldeko kideak, Iturripen.

Ointxe!-k antolatuta bihar egingo dute lehenengo Arrasate Hiria torneoa. Etxekoekin batera beste bost talde gonbidatu dituzte. "Ikustekoa da jokalari hauek ze intentsitaterekin bizi duten saskibaloia", adierazi du Iñaki Ogara Arri-k.

Iturripeko kantxak saskibaloi inklusiboko lehenengo torneoa hartuko du bihar, zapatua. Goizetik hasita Euskal Herriko puntako taldeetako ordezkariak izango dira zein baino zein gehiago, eta noski, euren kontra neurtuko dituzte indarrak Ointxapeldunek. "Iaz proiektua abian jarri genuenetik gure taldeak beste batzuek antolatzen dituzten torneoetan jokatu du eta oso esperientzia aberasgarria izan da. Besteak beste Bilbon eta Gasteizen izan gara saskibaloian jokatzen, eta Ointxe!-tik pentsatu dugu ordua zela guk ere saskibaloi inklusiboaren alde gure ekarpena egiteko. Horregatik antolatu dugu zapatuko torneoa, Arrasate Hiria, saskibaloi inklusiboari ikusgarritasuna ematea da helburuetako bat, eta herritarrak animatu gura ditut jokalari hauek saskibaloia zelan bizi duten ikustera etortzeko, sekulako intentsitatez bizi dituzte halako torneoak eta ilusio hori kutsakorra da, oso ondo pasatzen dugu", adierazi dio GOIENAri Iñaki Ogara Arri entrenatzaileak.

Izan ere, entrenatzea bai, baina Ointxapeldunak taldeko kideek gura dutena da torneoetan esku hartzea: "Horretan dihardugu eta eskerrak eman behar dizkiegu babesleei, izan ere, txapelketetara joateak ere kostu bat dauka eta ez daude aparteko laguntzak. Hala, Kataluniatik ere jarri dira gurekin harremanetan, torneo bat jokatzera gonbidatu gaituzte baina oraingoz ez dugu halako bidaia bati aurre egiteko aurrekonturik".

Txapelketako ordutegia

A multzoa (1. pistan)

• 10:00 Smartlog Ointxapeldunak vs Lointek Gernika fenomenoak Bultzada.

• 11:00 Lointek Gernika fenomenoak Bultzada vs SP Basket Pionners Elkarrekin.

• 12:00 Smartlog Ointxapeldunak vs SP Basket Pionners Elkarrekin.

B multzoa (2. pistan)

• 10:00 Tabirako Baque Alaia vs Lointek Gernika fenomenoak Irribarrea.

• 11:00 Lointek Gernika fenomenoak vs SP Basket Pionners Elkarrekin.

• 12:00 Tabirako Baqué Alaia vs SP Basket Pionners Elk.

• 13:15 Taldekako jaurtiketa lehiaketa.

Arratsaldeko finalak:

• 15:30 Bosgarren eta seigarren posturako finala (1. pistan).

• 15:30 Hirugarren eta laugarren posturako finala (2. pistan).

• 16:45 Trebetasun lehiaketa eta taldekako jaurtiketen finala.

• 17:00 Final handia (erdiko pistan).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak