Ur-parkeetako uraren kalitatea bermatzeko nahitaezko analisi eta mantenu lanak "beharrezkoak" direla azaldu du Udal Gobernuak, eta horiek egiteak 26.077,70 euroko gastua izango du Udalarentzat. "Garbiketa lanak egiteaz gain, uraren kalitatea neurtuko dute egunero langileek, haurrentzat segurua dela bermatuz. Kalitate kontrol horiek igerilekuko kontrol irizpide berdinak izan ohi dira".
Hiru hilabete, kontsumo altuagatik
Ur-parkeek ura berrerabiltzeko sistema izan arren, ur-kontsumoa "etengabekoa" dela dio Gobernuak, eta azken bi urteetako datuak eman ditu: "2024an 1.863 metro kubiko ur kontsumitu ziren, eta 2023an, 2.919. Kontsumo hori Musakolako kanpoko igerilekuekin konparatuz, igerileku ertaina hamaika aldiz betetzeko ur kantitatea edota kanpoko igerileku olinpikoa osorik betetzeko kantitatea kontsumitzen da ur-parkeekin".
Horregatik, udako hiru hilabeteetara mugatzea erabaki dute. "Arduraz hartutako erabaki bat da, izan ere, goizegi irekitzeak mantenu gastuak eta ur-kontsumo handiagoak eragiten ditu, 2023an gertatu bezala. Gainera, ur-parkeak martxan jartzea prozesu konplikatua da ur-kalitatea bermatzeko eta, behin irekita, ezin dira itxi eguraldi txarra eginda ere. Izan ere, behin itxita, ur-kalitatearen kontrol prozesua berriz ere hasieratik hasi beharra dago, eta horrek, ur parkeen itxiera luzeak eta mantenu gastuen garestitzeak ekarriko lituzke".
Parkeak zaintzea, denen ardura
Azkenik, Udal Gobernuak azaldu du parkeak zaintzea guztien ardura dela. "Zikinkeria pilatzeak bakterio berriak agertzea ekar dezake. Iaz astebetez itxi behar izan zen ur-parkea, bakterioak agertu zirelako. Erabilera egokia egiten badugu, itxiera horiek ekiditeko aukera gehiago izango ditugu".