Arrasateko Udalak herriko kirolari eta kirol talde onenen lana aitortuko du ekainaren 19an, Kulturolako arkupean (18:30). Hala, AKS (Arrasateko Kirol Sariak) barruan, Udalak dagoeneko hainbat sari erabakita ditu, hala nola, kirol talde onenaren saria, kirol ibilbidearen saria, eta kirol errokonozimendua. Sari horiek egunean bertan jakinaraziko dira, ekitaldian bertan.
Kirolari onenaren saria, herritarren botoen zain
Aipatutako hiru sari horiekin batera, arratsaldeko sari potoloa geratuko da, eta hor, herritarrek kirolari onenaren saria aukeratu beharko dute, bozka bidez (Botoa emateko, sakatu hemen). Horretarako, zortzi proposamen hauen artean bat aukeratu beharko dute.
Gaur hasi eta astelehena bitartean, ekainak 16, hau barne, edukiko dute arrasatearrek botua emateko aukera.
Zortzi hautagai, kirolari onenaren sarirako
Hauek dira kirolari onenaren sarirako aurtengo AKSko hautagaiak:
● Unai Axpe (plater tiratzailea)
Plater tiroketako Munduko Txapeldun izan zen iazko abuztuan, Valladoliden. Aste gutxitara Zaragozan jokatu zuten Europako txapelketa trap 5 kategorian ere urrea jantzi zuen, eta aurten Euskadiko Txapelketa irabazi du, apirilean Irunen jokatutako torneoan. Hala, aitaren, Olinpiar Jokotan lehiatu zen Rafa Axperen pausoak jarraitzen dabil arrasatearra.
● Ander Murua (pilotaria)
Amateur mailan Euskal Herriko torneo onenetan nabarmendu eta gero arrasatearrak profesionaletara salto egiteko ametsa bete du. Irailean egin zuen debuta etxeko zaleen aurrean, eta ordutik zenbait partidu jokatu ditu Uarkapen. Tartean B serieko txapelketara sailkatzeko aukera eman ziona. Gainera, pilotarako zaletasuna berpiztu du herrian.
● Eneritz Urrutia (triatloilaria).
Iazko denboraldian Bilboko edo Getxoko duatloietan urrea jantzi ostean arrasatearrak taldez aldatu du aurten. Peñota Dental Alusigma taldea Espainiako duatloi txapelketan taldeka mailaz igo da, eta bakarkako helburuei dagokienez Urrutia Euskadiko txapeldun izan da ekainean, Gasteizen jokatutako Vi Half triatloian.
● Aitor Madinabeitia (Karateka).
Martxoan estatu mailako IKOKU txapelketa irabazi zuen Bartzelonan, jokatutako borrokaldi guztiak lehen roundean irabazita. Eta maiatzaren 10ean nazioarteko txapelketa garrantzitsuetako baten lehiatu zen, IFK erakundeak lau urtetik behin antolatzen duen IFK torneoan. Lehenengo borrokaldia irabazi eta bigarrena galduta, onenekin batera lehiatzeko maila daukala berretsi zuen Madinabeitiak.
● Maialen Axpe (atleta)
Iaz min hartuta egon ostean Maialen Axpe txapelketetara itzuli da aurten, eta otsailean Espainiako atletismoko short track txapelketan urrea jantzi zuen, 4,30 metrotako saltoa eginda. Garaipen honekin, Axpek, hiru aldiz irabazi du pista estaliko Espainiako txapelketa.
● Oihan Zulueta (atleta)
Arrasate Atletiko taldeko atletak urtarrilean 23 Urtez Azpiko kategorian urrezko bi domina lortu zituen Gipuzkoako txapelketan, 200m eta 60m-ko lasterketetan nagusitu zen. Maiatzean 100 metrotako azpitxapeldun izan zen Gipuzkoakoan, eta duela pare bat aste Danel Ruiz, Aitor Uranga eta Iker Menor taldekideekin batera Gipuzkoako txapelketa absolutua irabazi zuen.
● Asier Azkarate (mendi lasterkaria)
Arrasate-Udalatx eta Aloñako Igoeran podiumera igo da aurten, eta esanguratsua izan da Zegama-Aizkorriko maratoiko debutean egindako lana, euskal atleta onenetakoa izan delako. Ekainean iritsi zaio garaipena, Galdamesko lineako proba irabazi eta Euskadiko txapela jantzi du.
● Eider Gutierrez (igerilaria)
Espainiako Indoor-Apnea Txapelketa jokatu zuten maiatzean Gasteizen, eta arrasatearrak zilarrezko domina eskuratu zuen apneako proba estatikoan, txapeldunorde bilakatuta, bigarren urtez jarraian. Arrasatekoak sei minutu eta 47 segundo egin zituen ur azpian, eta taldeka Euskadiko selekzioa Espainiako txapeldun izan zen. Gainera, Euskadin apnean emakumezkoen kategoria dagoenetik txapelduna izan da, bost urtez jarraian.