Arrasateko Udalak eta Bailara elkarteak hitzarmena sinatu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko eka. 12a, 12:44

Arrasateko Udaleko eta Bailarako ordezkariak hitzarmenarekin.

Gaur, eguena, sinatu dute lankidetza hitzarmena eta akordioaren oinarria, adierazi dutenez, "bi erakundeek udalerriaren garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko dituzten helburu eta interesen arteko konbergentzia" da.

Udalaren eta Bailararen arteko lankidetza sendotzea da akordioaren helburua, elkartearen 2025eko Lan Planean jasotako ekintzak egin ahal izateko. Lankidetza-hitzarmena sinatzearen ondorioz, Bailarak laguntza emango dio Arrasateko Udalari, honako ekintza hauetan: "Lankidetza-estrategia publikoak eta pribatuak zehazten eta aplikatzen, udalerriaren garapen ekonomiko eta sozialerako; udalerriaren etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiten; eta udalerriko enpresen lehiakortasuna sustatuko duten politika publikoak egiten laguntzen, horretarako beren esperientzia eta ezagutza eskainiz".

Horrez gain, Bailarak konpromisoa hartu du Arrasaten kokatutako enpresak erakartzeko ekintzak sustatzeko eta egiteko, baita elkartean udalerriko enpresen ordezkaritza handitzeko ere.

Arrasateko Udalak egindako ekarpen ekonomikoari esker, Bailarak "urrats erabakigarria" egingo du elkartea sendotzeko bidean, eta gaur egun enpresa bazkideak erakartzeko martxan dagoen kanpainaren osagarri izango da.

Askotariko sektoreetako elkartea

Bailara Industrial Network enpresen askotariko sektoreetako elkartea da, irabazi asmorik gabekoa. "Hala, Debagoieneko garapen sozial eta ekonomikoari laguntzeko eta elkarteko enpresen irudia eta lehiakortasuna bultzatzeko sortu da", azaldu dute.

Modu horretan, Debagoieneko garapen ekonomiko, sozial eta ongizateari lagundu nahi dio elkarteak, besteak beste, enpresen lehiakortasuna hobetuz; marka, irudia eta eskualdeko erakargarritasuna sustatuz; eta Debagoieneko etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre eginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak