Hogei harategi eta bost jatetxe ariko dira lehian zapatuko tripaki lehiaketetan

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko eka. 11a, 11:34

Iazko sari banaketa.

Tripaki festaren erdigune izango da zapatuan Arrasateko Seber Altube plaza. Batetik, Gipuzkoako Tripaki Lehiaketaren III. edizioa egingo dute, probintziako harategiei zuzenduta; eta bestetik, Debagoieneko Tripaki Lehiaketaren lehen edizioa izango da.

Debagoieneko bost jatetxe eta taberna ariko dira lehian zapatuan Debagoieneko Tripaki Lehiaketan. Era berean, hogei harategik hartuko dute parte Gipuzkoako Tripaki Lehiaketan. Ekitaldia Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak antolatu du, Arrasateko Udalarekin eta Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkurarekin elkarlanean. "Helburua da produktu honen elaborazio artisauari balioa ematea, bai harategietatik, bai ostalaritzatik", azaldu dute antolatzaileek.

Epaimahaikideek jendaurrean dastatuko dituzte bi lehiaketetako tripakiak, modu anonimoan. Honako hauek izango dira: Josema Azpeitia gastronomia-kritikaria, Mailu Odriozola eta Belen Lobo harakinak, Asier Antia sukaldaria eta Eñaut Arriaran Arrasateko Udaleko zinegotzia.

18:00etan hasita, Seber Altube plazan tripaki dastatze herrikoia egingo dute. Parte-hartzaileek lehiaketan parte hartu duten harategiek egindako tripaki errazioak dastatu ahal izango dituzte prezio herrikoian. Halaber, edariak ere jarriko dituzte salgai, dastaketa osatzeko. Bi lehiaketen sari banaketa ekitaldi berean egingo da, plaza horretan bertan, 19:30ean hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak