Arrasateko LGTBIQ+ pertsonen "bizitza hobetzeko" plana aurkeztuko du Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko eka. 10a, 09:30

Proiektua aurkeztu zutenean egindako prentsa agerraldia, iaz.

Egubakoitzean, ekainak 13, izango da ekitaldia, 19:00etan, Kulturateko klaustroan. "Ekitaldi hori abiapuntu bilakatu nahi dugu Arrasate bizigarriagoa, seguruagoa eta inklusiboagoa izateko", azaldu dute. Aurkezpenaren ostean, kalejira musikatua egingo dute.

Arrasateko Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, sexu- eta genero-aniztasuna erdigunean jarriz egindako diagnostikoaren eta ekintza planaren lehen emaitzak aurkeztuko ditu egubakoitzean. 

84 herritarrek parte hartu duten prozesu parte-hartzailearen bidez, kolektiboaren egunerokotasuneko esparruak jorratu dituzte: espazio publikoa, segurtasuna, sexilioa, familia, lana, aisialdia, osasuna, kirola, eskola, kuadrilla eta militantzia, besteak beste.

Arrasateko LGTBIQ+ kolektiboarentzako mugarri izan nahi du aurkezpenak eta, beraz, Udalaren helburua da ekitaldi hori abiapuntu bilakatzea, "Arrasate denontzat —eta bereziki LGTBIQ+ pertsonentzat— bizigarriagoa, seguruagoa eta inklusiboagoa izateko eta horretarako proposamen eta aldarrikapenak plazaratzeko".

Ekitaldia irekia izango da herritar guztientzat, eta gonbidapen berezia egin diete LGTBIQ+ kolektiboko kideei, komunitateari eta herritar guztiei: "Elkarrekin idatz dezagun gure memoria eta etorkizun kolektiboa. Gure iraganeko gu bakoitzari zor diogu etorkizun hobe bat eta orainaldi bizigarriago bat", adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak