Eneritz Urrutia: "Pena dut ezin izan dudalako egindako lana azaleratu"

Xabier Urtzelai 2025ko eka. 9a, 10:39

Eneritz Urrutia, zapatuan, Gasteizko kaleetan laugarren helmugaratzen. Argazkia: Ion Zugasti.

Asteburuan Gasteizen jokatu duten Vi Half triatloian Euskadiko txapeldun izan da Eneritz Urrutia arrasatearra. Biharamunean, lorpenarekin pozik baina lasterketak utzitako sentsazio txarrengatik zapore gazi-gozoaz dagoela aitortu du Peñota Dental Alusigma taldeko triatletak.

Lau minutugatik geratu da Eneritz Urrutia Gasteizko Vi Half lasterketako podium nagusitik kanpo. Arrasatekoa laugarren izan da, eta Euskal Herriko atletarik onena Pello Osororekin batera. Baina, lehenengo ordubete pasatxoan lasterketan gozatu egin badu ere, beste hiru orduak sufrikarioa izan dira (04:38:07).  "Ez gara robotak, lana ondo eginda ere batzuetan ez dira lasterketak nahi moduan egiten", adierazi dio Urrutiak GOIENAri.

Onenekin batera lehian

Esan moduan zapatuan arrasatearra laugarren sailkatu zen Chloe Nicolas frantziarraren (04:22:49), Mikayla Messer australiarraren (04:27:43) eta Janina Saarnio finlandiarraren (04:34:20) atzetik, eta egindako lanak Euskadiko txapeldunaren titulua eman badio ere, Arrasatekoa arantzatxoaz geratu da. "Euskadiko txapeldun izatea gauza ederra da, eta pozik nago horrekin. Baina egia da lasterketaren atzean dagoen lana kontuan hartuta, zapore gazi-gozoaz geratu naizela. Bereziki bizikletan 40. kilometrotik aurrera pasa nuen sufrikarioagatik. Igeri oso gustora ibili nintzen, aurreko taldekoekin irten nintzen uretatik eta sentsazio oso onekin nenbilen. Baina, ez dakit urtegiko ura edan nuen edo gel-en batek kalte egin zidan, baina kontua da 40. kilometrotik aurrera sabeleko arazoekin hasi nintzela. Barrenak nahastu zitzaizkidan eta bizikletan ezin nuen nahi nuen erritmora joan, ezta ezer jan ere".

Eneritz Urrutia, bizikletako tartean. Argazkia: Ion Zugasti.

Erretiroa hartzeko deseatzen, helmugara arte

Hor hasi zuen arrasatearrak bere buruaren kontrako borroka, itzuli bakoitzean gorputzak erretiroa hartzeko agintzen ziolako. "Korrikako tartean ere asko sufritu nuen. Betaurrekoak jantzi, eta aurrera egitea erabaki nuen, akaso azken tarte horretan gorputzari buelta eman nion baina sentsazio txarrekin jarraitu nuen amaierara arte eta gainera, Gasteizko erdiguneko zirkuitua oso-oso gogorra zen, gorabeherez betetakoa".

Hala, lasterketa ondorengo astean gauzak beste modu batera ikusten direla aitortu du Urrutiak. "Momentuan sufritutako guztia etortzen zaizu gogora, eta pena ematen dizu aurretik egindako lanaren emaitza ezin izan duzulako azaleratu, baina pare bat egunetara gauzak beste modu batera ikusten dira, eta egindakoa baloratzen duzu. Lana hor dago, eta beste momenturen batean azaleratuko da".

Bakarkako helburuen artean Gasteizkoa zuen, oraingoz, helburu nagusia. Izan ere, denboraldi hasieran taldekako Espainiako dutaloi txapelketan mailaz igotzeko borrokan ibili dira Peñota Dental Alusigma taldeko neskak, eta hirugarren mailatik bigarrenera igotzea lortu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak