35 kilometro eta 1.700 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidean erabaki da Euskadiko txapelketa. Ibilbide gorabeheratsu batean, Azkarate eta Zubeldia izan dira protagonista nagusiak. Hasieratik egin dute ihes, eta ia 24 kilometro egin dituzte elkar zaintzen. 25. kilometroan dagoen igoeratxoan erritmoa aldatu du Zubeldiak, eta metro batzuk atera dizkio arrasatearrari. "28. kilometroko anoa postura heldu naizenean esaten didate lehena nintzela. Sorpresa izan da, izan ere, uste nuen Zubeldia aurretik zihoala. Baina, antza, aurrera joan denean, galdu egin da. Azken bost kilometroak bakarrik egin ditut", aipatu du.
Bolada onarekin jarraitzen du Azkaratek, Zegama-Aizkorrin denbora itzela egin ostean. "Gogorra izan da, bai. Baina, emaitza ikusita, ezin dut gehiago eskatu. Pozik nago egindakoarekin".