Gobernuz Kanpoko Erakundeek egiten duten lana ikusarazteko eguna ospatzen dihardute gaukoan, beste urte batez. Hainbat elkartek jarri dute postua, tartean Harremanek, Aita Marik, Zeharrek, Hotz Oñatik eta Serso San Viatorrek. Gatazka armatuak pairatzen ari diren herri guztiak gogoratu nahi izan dituzte aurten: "Horretarako, panel bat jarri dugu, jendeak mezu bat idatz dezan, gerraren aurka eta bakearen alde. Zoritxarrez, gerra asko daude munduan, pertsona asko hil eta beste askori eragiten dietenak. Palestinan Israel egiten ari den sarraskia heldu zaigu barruraino, denok sentsazioa baitugu ez dugula behar beste egiten", adierazi du Harremaneko Itziar Uriartek.
Paneleko lehen mezua Maider Morras alkateak idatzi du, eta eguerdirako mezuz bete da pareta.
Ohi moduan, Ibai-arte elkarteak tonbola handian jokatzeko aukera eskaini du, bertan batutako dirua Indiako Mumbai hirian dagoen Ankur harrera-zentrora bideratzeko.
Salmenta postuez gain, jarduera ugari garatu dituzte hainbat elkartek. Kids&Us akademiak haurrentzako jolasak jarri ditu eskura, Arrasateko gaiteroek, erraldoiek eta dantzariek ikuskizuna eman dute, eta Arrasate Musikaleko kideek eta Karenak kontzertua.