Txapeldunen gaua moduan izendatu dute zapatu iluntzean Madrid Arenan jokatuko duten WOWko hogeigarren edizioa, eta, aste barruan oraindik sarrera gutxi batzuk geratzen baziren ere, ematen du orain artean antolatu duten MMA jaialdi handiena izango dela. Bada, bertan, Yaman Mjahed (22 urte) arrasatearrak oilar titulua irabazteko aukera izango du. Aste barruan izan da arrasatearra GOIENArekin, pisua jaisteko fasean buru-belarri zegoela. "Dagoeneko ez dut horrenbeste sufritzen, ohitu egin naiz. Gogorra da, baina lanbidearen parte da, eta profesionala naiz %100". Hala, bihar lau gerriko egongo dira jokoan, lau final, eta Mjahedena da horietako bat. Oso motibatuta nago, sekulako ilusioa egiten dit final hau jokatzeak", adierazi dio aste barruan GOIENAri.
Arrasatearrak aurten jokatzen duen bigarren borrokaldia izango du; otsailean Bilbora ekarri zuten WOW jaialdia, eta, orduan, 6.000 lagunen aurrean Jacome Pantera hartu zuen mendean. "Etxean lehiatzea izugarria izan zen, eta zapatuko jaialditik ez dut gutxiago espero. Lehenengoz izango dut oilar titulua eskuratzeko aukera; gerriko horrekin amesten dut, eta Arrasatera ekarri nahi dut".
Hecher Sosa aurrean
Arrasateko diamante-ak Lanzaroteko borrokalari Hecher Sosa izango du aurrean. "Ez dit askorik axola kontrarioak; azken batean, borrokaldi bakoitza neure buruaren kontrakoa da. Alegia, nigan daukat fokua, orain arteko nire bertsiorik onena erakutsi nahi dut, eta horretan zentratuko naiz, ez horrenbeste kontrarioan. Hala, garaipena esan dudan guztiaren ondorioa izango da".
Madrid Arenako harmailetan zale debagoiendar asko egotea espero du arrasatearrak, kirol jarduera hori indarra hartzen dabil eta, baita hemen ere. "Bilboko jaialdia ikusgarria izan zen, antolatzaileak oso pozik geratu ziren, eta baliteke aurki bueltan izatea". Gainera, Ilia Topuria borrokalaria WOWko promotore dagoenetik hazi egin da oihartzuna. "Jendetza erakartzen du Topuriak, eta hori ona da guretako".