AZEk bere jabetzako argazki-fondo oparoaren hautsa astindu du, beste behin, eta hona hemen emaitza: azken mendean herrian eraitsia izan den ondarearen mosaikoa. Duela ia 100 urteko Ferixalekutik eraitsi berri duten Fagor Etxetresnen eraikinera, denboraren makinan murgiltzeko gonbidapena egin du dibulgazio taldeak.
120 argazki bildu dituzte denera Kulturateko klaustroan; horietako gehienak, Txema Urzelai eta Aitor Iturriaga argazkilarienak eta AZEko kideenak. "Guretzat ardura da ondarea mantentzea, eta kontziente gara hori egin ezean galdu egingo dela. Material dezente geneukan pilatuta, eta sentsibilizatu egin nahi genituen arrasatearrak. Besteak beste, gazteek ikus dezatela euren gurasoen Arrasate nolakoa izan zen", azaldu dute Arrasate Zientzia Elkarteko Javier Bengoak eta Jose Angel Barrutiabengoak.
Faltan sumatzen dute
Eta nagusiagoek, ondare horren alboan hazi zirenek, oroimenean gordetako hainbat oroitzapen ekarriko dituzte gogora. "Asko gara Biteri eta Garibai ikastetxeetatik pasatakoak, eta faltan sumatzen ditugu eraikin haiek. Badaude beste hainbat ondare-elementu ere: Guerra jauregia, Arbolapetako zuhaitza, Zabale baserria, Zarugaldeko arkua... Gure gaztaroko toki kuttunak izan dira", azaldu dute AZEko kideek.
Aldaketa, gizartearekin batera
Urte gutxian, batez ere 60ko hamarkadatik aurrera, sakoneko hirigintza-aldaketak egin zituzten herrian, kanpotik lanera etorritako jende-oldearen beharrizanak ase ahal izateko: "Etxebizitzak eraiki behar ziren auzuneetan, eta horrek ekarri zuen inoiz ukitu gabeko espazioak eraldatzea. Eraikin zaharrak eraitsi eta berriak eraikita, espekulazio handia sortu zen".
Dena den, argi esan dute ez daudela garai hartan hartutako erabakien aurka: "Erraza da kritikatzea, desagertuta dagoena mantendu behar zela adieraztea, baina gu ez gara hori esatearen aldekoak. Ez dugu zirikatu gura", dio Bengoak; eta Barrutiabengoak borobildu: "Azkenean, garaiak garaiko erabakiak izan ziren; seguru zuzen ibiliko zirela".
Hori esanda, erakusketa bisitatzeko gonbidapena egin dute, "bakoitzak ikusi eta bere neurrira egin ditzan balorazio eta burutapenak". Arrasate lehen izan zenaren eta orain denaren arteko aldea neurtzeko parada ederra, beraz, ekainaren 21era arte egongo dena.