Adrian Izkueren proiektu pertsonala da Arrasateko Ondare taldearen sorburua, Iker German (gitarra), Enrique Delgado (baxua) eta David Prandoni (bateria) batuta talde bilakatu zena. Azken Danbaka Musika Lehiaketaren testuinguruan "egonkortu eta hazi" zen, eta pauso bat harago eman du laukoteak, sei kantu biltzen duen Ondare izeneko EPa argitaratuta.
Oraingoz, plataforma digitaletan dago entzungai –besteak beste, Badcamp, Spotify eta Youtube–, baina datozen asteetan formatu fisikoan ere eskuragarri jartzeko asmoa dute.
Kaki Arkarazorekin grabatuta
Martxoan grabatu zuten, An- doaingo Garate estudioan, Kaki Arkarazoren gidaritzapean. "Taldekide batzuentzako halako estudio baten lehenengo esperientzia izan zen, eta, duda barik, oso bizipen polita! Kakirekin egin dugu prozesu guztia; hau da, grabatu, nahastu eta masterizatu. Itzela izan da harekin lan egitea; teknikari oso ona izateaz gainera, oso jatorra da eta asko lagundu digu", azaldu du Ondare taldeko abeslari eta gitarra-jole Adrian Izkuek.
Sei kantuko bilduma
Ez da samurra Ondareren doinuak estilo zehatz batean definitzea. Izkuek dio "rock oldarkorra" egitea gustatzen zaiela, eta zera gaineratu du: "Ukitu ilun eta soinu ezberdinekin osatutako kantuak dira, arau harmoniko tradizionalak hautsita. Baxuari garrantzi handia ematen diogu, eta, horren eraginez, orokorrean kantu oso erritmikoak dira, aldaketa handiekin".
Hitzei begiratuta, oinarrian bizipenak jasotzen dituzte: "Gaur egungo ikuspuntu sozial bat ematen dute; teknologiaren eta bizimoduko erritmo azeleratuaren eraginez, gure bizitzak antinatural bilakatzen dira. Metafora asko erabiltzen ditugu, eta, horregatik, akaso, hitzen lehen irakurraldian ez dira oso argiak, baina kontatzen ditugunak gauza sinpleak dira".
Zuzenekoetarako gogoz
Gogotsu daude kontzertuetarako, baina, oraingoz, ez dute aukerarik; orain dela gutxi, bateria-joleak taldea utzi zuen, eta haren ordezkoaren bila ari dira.