Ibilbidean zehar bidetxur zainduak sartzen dituztelako da ezagun, besteak beste, Mondranbike bizikleta martxa, eta halako lanak garaiz egiteko hitzordua udazkenetik udaberrira aurreratzea erabaki dute aurten. Hala, Ekainaren 14an, datorren zapatuan, izango da aurtengo hitzordua eta dagoeneko bideak txukundu dituzte. "Iaz iraila amaieran egin genuen martxa, baina oporretatik etorri berri hiru aste baino ez genituen izan bidetxurrak garbitzeko, konponketa lanak egiteko, apurtutako ur-bideak txukuntzeko... Basoa ondo mantentzeak lana eskatzen du, eta jende asko ibiltzen da bertan bizikletan, azken batean, kirol instalazio moduan uler genitzake. Bada, beste herri batzuetan badabiltza Udalekin batera ekimen interesgarriak egiten, mendiko bideak ofizial egiten eta ondo mantentzeko neurriak hartzen. Hemen ere eskertzekoa izango litzateke halako ekimen bat", adierazi dio GOIENAri Mikel Bergarak.
Denendako neurrira egindako martxa
Besaideko lagunek bi ibilbide aurreikusi dituzte. Horietako bat mendiko pista zabalagoetan egingo dute, zailtasun teknikorik gabe. "Helburua da hasiberriek edo bidetxurretan ibiltzeko gaitasuna ez dutenek ere martxa egiteko aukera izatea. Ibilbide motz horrek 36 kilometro izango ditu, baina hori ere laburrago egiteko aukera izango da, horrenbestez, denendako moduko ibilbidea izango da". Eta gero bai, bidetxur horiez gozatu gura dutenek izango dute non aukeratu. "Ibilbide luzeak 42 kilometro izango ditu, eta hor bai, teknikoki zailtasun handiagoa duten bidetxurrak aurkituko dituzte".
Esan moduan, dagoeneko eman daiteke izena kirolprobak.com helbidean (federatuek 15 euro; ez federatuek 20 euro) eta egunean bertan ere eman ahal izango da izena, baina 5 euro garestiagoa izango da. Eta, martxa amaitutakoan inor ez da gosez edo egarriz erretiratuko, paella jana eta garagardoa egongo delako parte-hartzaileendako.