Gipuzkoako Enpresa Berriaren saria jaso berri du Zerbimek-ek, eta Alain Vivasek, enpresako arduradunak, eginiko lana aitortu du Adegik. Haren hitzetan, Zerbimek "hutsetik" sortzea erdietsi du Vivasek, "hamaika erronkari ausardiaz eta erabakitasunez aurre eginez", eta Vivasek erantsi du "garrantzitsua" dela atzera begiratzea: "Esfortzuz eta dedikazioz eraiki den guztia baloratzea, mugak eta baliabiderik eza gorabehera".
Mekanizazio konpainia bat da Arrasatekoa, eta "neurrira egindako mekanizazioak" eskaintzen dizkie bezeroei, Vivasen hitzetan: "Neurrira egindako jostunak gara: batetik, bezeroari laguntzeko lana dago, eta bestetik, produkziokoa, barnekoa. Lehiatik aldentzen saiatu gara, 4.0 eredua erabiltzen dugu, eta garrantzia handiagoa ematen diogu zerbitzuari eta kalitateari, ezarritako entrega-epeak betetzeaz gain".