Ekainaren 7an egingo dute Elkartasun Eguna, ohi moduan, Seber Altube plazan, eta askotariko postuak egongo dira egun osoan, 10:30etik 20:30era. Gobernuz kanpoko zortzi erakundek hartuko dute parte, eta haien jarduera eta proiektu solidarioen berri emango diete herritarrei.
Honako hauek izango dira:
- Centre Delás D'estudis Per la Pau: Ikerketa, bakearen analisia, segurtasuna, defentsa eta armamentismoa.
- Bake-ekintza antimilitaristak: Antimilitaristak EH eta Gerrarik ez taldeetako kide den talde antimilitarista gipuzkoarra.
- Aita Mari: Itsas salbamendu humanitariora bideratutako itsasontzia Mediterraneo erdialdean.
- Zehar: Egoera bereziki ahulean dauden errefuxiatuak, asilo-eskatzaileak eta migratzaileak artatzen dituzte.
- Hotz: Errefuxiatuei laguntzeko herritarren elkartea.
- Activos por un Mundo Solidario: Ingurune solidarioagoak eta inklusiboagoak eraikitzeko ekintzak sustatzen dituzte.
- Migratzaileen pastoral taldea: Migratzaileen fedea sustatzen du.
- Harreman: Proiektu humanitarioetan laguntzen du, mundu honetako pertsona behartsuenei lagunduz.
Elkartasun Egunean, gatazka armatuak pairatzen ari diren herri guztiak gogoratu nahi dituztela nabarmendu dute antolatzaileek. "Gaur egun, milioika pertsonari eragiten dieten 56 gatazka daude munduan. Gatazka horien artean, gerra zibilak, gobernuen arteko gatazkak eta intentsitate txikiagoko liskarrak daude, zeinetan pertsonek haien etxeak, bizimodua eta etorkizuna galtzen duten", diote.
Horrez gain, "muturreko" gatazka bat azpimarratu nahi izan dute: "Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioa, pertsonak erabat deuseztatuz eta imajinaezina den egoera bat sortuz, Mendebaldeak beste alde batera begiratzen duen bitartean. Gerra guztiak salatu gura ditugu eta, bereziki, Palestinako genozidioa".
Paneletan, mezuak
Herritarrek haien mezuak uzteko aukera izango dute, horretarako propio prestatutako espazioan. Espazio hori Maider Morras Arrasateko alkateak inauguratuko du, 11:00etan. "Munduko gerren eta Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioaren ankerkeriaren aurrean, nahi duten pertsona guztiek gaitzespen-sentimenduak adierazi ahalko dituzte, panelean mezuak idatziz".
Joan ezin direnei dei egin diete info@harreman.net helbide elektronikoaren bidez idazteko, eta haiek jarriko dituzte ikusgai Harreman.net webgunean eta Facebook eta Instagram sare sozialetan.
Askotariko ekintzak
Egitarauari dagokionez, jardueraz beteta egongo da: "Kia eta bere ukelele ikuskizuna, puzgarriak eta Kids&Us akademiaren ekintzak, gaita eta dantzarien emanaldia, Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren dantzaldia, Arrasate Musikalaren kontzertua, eta azkenik, Karena taldearen kontzertua".
Horrez gain, Harreman dendak ere postua jarriko du, herritarrei txokolatea eskainiz eta bidezko merkataritzako produktuak ezagutaraziz. "Ekintzetan parte hartzera animatzen dugu Arrasateko herria eta emandako laguntza eta elkartasuna eskertuko dugu, beste mundu bat posible delako".
Zozketa berezia
Ohi moduan, Ibai-arte elkarteak sustatutako tonbola handia izango da protagonista nagusietako bat. "Ehunka sari irabazteko aukeraz gain, 20:30ean sari potoloena zozkatuko dugu: 300 euro Ibai-arteko saltokietan erosteko bonuetan", adierazi dute antolatzaileek.
Hain zuzen, bereziki azpimarratu nahi dute Ibai-arteren laguntza, "urtez urte tonbolari ekarpena egiten jarraitzen baitu". Hori dela eta, haien lana eskertu dute: "Eskerrik asko elkarteko saltoki guztiei, horiek gabe tonbola ez bailitzateke posible izango".
Ankur zentroari laguntzeko
Tonbolan batutako dirua Indiako Mumbai hirian dagoen Ankur harrera-zentrora bideratuko dute. "Santa Ana Karitateko Ahizpek egiten dute lan han, bertan bizi diren 200 neskei etorkizun itxaropentsua emateko. Izan ere, hango neskek, maitasuna jasotzeaz eta oinarrizko beharrak asetzeaz gain, heziketa sendoa eta ikasketak jasotzen dituzte, lanpostu eta bizitza duin bat lortu ahal izateko".