Gaur, egubakoitza, arratsaldeko zazpietan, Lore Gazteak dantza taldeko beteranoek dantza emanaldia egingo dute. Herriko Plazan izango da, eta trikitilariak, txistulariak, gaiteroak eta erraldoiak ere izango dira.
Orain dela lau urte, dantza egiteko gogoak bultzatuta, beterano taldea entseatzen hasi zen. "Herriari zerbait gehiago eskaintzeko", maiatzean emanaldi bat egitea bururatu zitzaien, eta, aurtengoa kontuan izanda, hiru urte dira Lore Gazteak taldeko beteranoak Herriko Plazan batzen direla. "Ostiral arratsaldea asteburuari hasiera emateko beste modu bat dela ulertzen dugu. Maiatza ere dantzaren hilabetea da, eta dantzaren astea ere egoten da. Horrekin ere lotu izan dugu ekitaldiaren zentzua maiatzean izatearena", dio Nagore Ipiñak, beterano taldeko kideak.