Doke Antzerki Eskolak hiru urte daramatza Donostiako Udalak urtero antolatzen duen Gazteen Antzerki Topaketan parte hartzen. Maiatzean zehar, Arrasateko antzerki eskolako Badaezpada eta Katezoro antzerki taldeak Donostian izan dira euren antzezlanak aurkezten: Badaezpada taldeak astelehen honetan Éxtasis antzezlana taularatu du, Gazteszena espazio eszenikoan; eta hilaren 14an, Katezoro taldeak Kattalin lana aurkeztu zuen, Intxaurrondo kultura etxean. Maider Alzelai Doke Antzerki Eskolako irakasle eta dinamizatzailea "pozik" dago eskolako taldeek Donostian egindako lanarekin: "Haientzako sekulako esperientzia izan zen. Beste antzeztoki bat ezagutu, bertan antzeztu… horrek dakarren dena. Produktu guztiaren karga eta deskarga. Antzerkia bere osotasunean ezagutu dute; ez da soilik lokalera joan eta antzerkia egitea izan. Argia, soinua eta gortina atzean dagoena zer den ikusi eta ikasi dute".
Ikasturteko azken emanaldia
Aurtengo antzerki eskolako ikasturteari dagokionez, lan dinamika "bikainarekin" aritu direla dio Alzelaik: "Egia esan, jendearen harrera oso ona izaten ari da bosgarren urte honetan. Bost talderekin jarraitzen dugu; batzuk badoaz, baina kide berriak ere badatoz eskolara. Jendea oso gustura dago, guk oso balorazio ona egin dugu. Beti dago zerbait hobetzeko, baina hor gabiltza, lanean eta ikasten. Guretzat, bidea da garrantzitsuena".
ANTZERKI ESKOLAKO TALDERIK GAZTEENAK IKASTURTEKO AZKEN LANA AURKEZTU ZUEN MARTITZENEAN
Martitzenean, eskolako 8 eta 9 urteko antzerki taldeak ikasturteko azken emanaldia egin zuen, Juan Arzamendi Musika Etxean. Gainontzeko eskolako taldeek, urtero bezala, Amaia antzokian egingo dute ikasturteko azken antzezlana, ekainaren 4an.
Datorren ikasturterako
Aurtengo ikasturtea amaitzear dago, eta zabalik dago hurrengo ikasturtean antzerki eskolara matrikulatzeko izen-ematea. Eskolaz gain, zabalik dira baita adin tarte askotariko jendeari zuzenduta egongo diren beste iniziatiba batzuen izen-emateak ere. "Irailean hasita, urrian, azaroan eta abenduan egiten ditugu familia-antzerki tailerrak. Ondoren, Eider Sainzek, gure eskolako irakasle berriak, gorputz adierazpen tailerrak emango ditu, aurrera begira. Ondoren, clown ikastaroak egingo ditugu, eta horiek 16 urtetik gorakoentzat izango dira", adierazi du Alzelaik.