'Izandakoak' erakusketa irekiko dute ekainaren 5ean Kulturaten

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mai. 29a, 15:30

Biteriko eraikina eraisten. (Argazkia: Txema Urzelai).

Arrasate Zientzia Elkarteak, eraikin zaharrak oinarri hartuta, erakusketa jarriko du Kulturateko klaustroan, ekainaren 5etik 21era. "Erakusketa berezia izango da, oroimina eragin dezakeena", azaldu dute.

Argazki biltegian begira ari zirela, konturatu ziren erakusteko moduko argazki asko zituztela, eta hortik sortu zitzaien erakusketa egiteko ideia. 120 bat argazki direla adierazi dute Arrasate Zientzia Elkarteko kideek, 1930eko hamarkadatik gaur egunera arte egindakoak, ia mende oso batez. "Horietako batzuk, zoritxarrez, ez daukate kalitate nahikoa, baina balio handia daukate", dio elkarteko kide Jabier Bengoak. 

Arrasateko hiri eta landa paisaia osatzen zuten elementu askoren argazki erakusketa dela gaineratu du Bengoak, "modernitatearen aurrerapen geldiezinaren ondorioz, betiko desagertutakoak", haren esanetan. "Ikusiko dituzue herriko eraikin eta egitura askoren azken uneak, gaur egun etxe, pasealeku, etorbide, plaza eta antzeko bihurtu direnak. Izan ere, eraisten ari diren eraikinak eta dagoeneko existitzen ez diren eraikinak daude, eta hori da, hain zuzen, erakutsi nahi duguna, Arrasate nola joan den aldatzen urteek aurrera egin ahala. Memoria da daukagun gauzarik hauskorrena eta azkar ahazten zaizkigu gauzak".

Arrasate Zientzia Elkartearen biltegiko argazkiez gain, Indalecio Ojanguren, Valeriano Martinez, Jose Maria Lasagabaster (Wentxes), Carmelo Letona, Txema Urzelai eta Aitor Iturriagaren argazkiak egongo dira erakusketan.

Kuartel zaharra eraisten. (Argazkia: Arrasate Zientzia Elkartearen funtsa).

Askotariko eraikinak ikusgai

Askotariko eraikin eta guneak ikusi ahal izango dira erakusketan: Kuartel zaharra, Zabale baserria, Larrea baserria, Gomestio baserria, Biteriko eskolak, Arbolapeta, Gurea zinema, San Agustin komentua, Olatxo harategia, Villa Amparo, Polmetasa, ospitale zaharra eta San Andresko telefono kabina, besteak beste. 

Ekainaren 5etik 21era egongo da ikusgai erakusketa, Kulturateko klaustroan, astelehenetik zapatura, 17:30etik 20:00etara.

Jose Angel Barrutiabengoa eta Jabier Bengoa, aurkezpenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak