"Egunaren zati handi bat lantokian ematen dugu. Askok, egunaren herena. Denbora tarte horretan, harreman ugari izaten ditugu. Lankideekin, arduradunekin, bezeroekin… Hala, euskararen erabilera biziberritzeko prozesuan, lan mundua euskalduntzea ezinbestekoa da", adierazi dute AEDko kideek.
Helburu horretan, nabarmendu dutenez, entitateek publiko zein pribatuek daukate erantzukizun nagusia, baina langileen jarrera ere "erabakigarria" da lan mundua euskalduntzeko, AEDko kideen esanetan. "Are gehiago, entitateek hizkuntza kudeaketari dagokionez har ditzaketen erabakietan eragin genezake, euskararen mesedetan nahiz kaltetan".
Gaineratu dute enpresetan inor ez dagoela soberan. "Denok elkarren beharrean gaude eta elkarrekin bizitzeko baldintzak sortu behar ditugu inor ez dadin izan baztertua. Baldintza horietako bat da lan munduan ere euskara ezartzea, dakitenek erabiltzeko giroa eta aukera topa ditzaten eta ez dakitenek ikasteko motibazioa eta erraztasunak izan ditzaten".
Hori horrela, hainbat galdera egin dituzte, kanpainarekin bat egitera animatzeko: "Saiatuko gara inertziak astindu eta lanean euskaraz funtzionatzen? Ez dakitenak ikastera animatzen eta euskalduntzeko bidean laguntzen? Enpresek horretarako baldintzak jar ditzaten bultzatzen? Tximeleta bakar baten hegadak mundua eraldatu badezake, guk zergatik ez?".