Garagardo azokaren 25. urteurrena dela eta, Arrasate Rugby Taldeak beste iniziatiba bat jarri zuen abian maiatz hasieran: 16 urtetik gorako edozein herritarri zuzenduta dagoen errugbi txapelketa. Astelehena izan zen txapelketan izena emateko azken eguna, eta, errugbi taldeak jakinarazi duenez, hogei taldek eta 206 lagunek eman dute izena ekainaren 7an Mojategin egingo den errugbi txapelketarako.
Aurten, garagardo azoka ekainaren 5etik 7ra izango da, eta, azken egunean "lagun artean ongi pasatzea" xede izanda, Arrasateko taldeak sare sozialetan argitaratutako bideo baten bitartez abian jarri zuen txapelketa herrikoirako izen ematea maiatzaren 7an.
Kontakturik gabe
Errugbi taldeak "denok ulertzeko moduko errugbi lehiaketa" antolatu nahi izan du, ahalik eta jende gehienak kirola "proba dezan, eta goza dezan". Horretarako, txapelketa "kontakturik gabekoa izango da", eta, horrez gain, beste arau berezi batzuk izango ditu: hamar minutuko bi zatik osatuko dute partida bakoitza eta zelai erdi erabiliko da partida bakoitza jokatzeko.
Jokalari kopuruari dagokionez, talde bakoitzeko zazpi jokalarik jokatuko dute norgehiagoka bakoitza, eta, baloia jokoan ez dagoen bitartean, nahi den momentuan egin ahal izango dira jokalari aldaketak. Gutxienez esku batekin sorbaldatik behera ukitzea izango da defendatzeko modua. Hori eginez gero, baloia eskuetan daraman jokalariak gelditu egin beharko du, eta, jokatzen jarraitzeko, baloidunak buelta eman eta taldekideari pasatu beharko dio.
Girorik ez da faltako
Txapelketa arratsaldeko lauretan hasiko da, eta, partidak jokatzen diren bitartean, musikaz girotuta, jateko eta edateko tartea izango dute momentuan jokatzen ez dabiltzan gainontzeko lehiakideek. Txapelketa amaitutakoan, lehiaketako sari-banaketa egingo dute. ARTko antolatzaileek, eta bertan, txapeldunak, txapeldunordeak eta talderik dibertigarriena sarituko dituzte.