Mondrate, Errege Kopa jokatzetik pauso bakarrera

Oihan Loiti Iraola 2025ko mai. 24a, 21:22

Gaur arratsaldean jokatu da areto futboleko Errege Koparako sailkatzeko finalaurrekoa, eta Mondratek urrats garrantzitsua egin du helburua lortzeko bidean. Aitor Cortizasen taldeak 1-1eko berdinketa lortu du Pasai Donibaneko Donipari taldearen aurka, eta horri esker, finala jokatzeko txartela eskuratu du.

Lehen zatian, etxekoak izan dira nagusi kantxan, baina golik gabe iritsi dira atsedenaldira. Bigarren zatian, Mikel Elizararen golari esker, aurretik jarri da Mondrate markagailuan. Partida amaitzeko lau minutu eskas falta zirenean, Doniparik berdinketa lortu du. Luzapenean, Mondratek gol aukera argiak izan ditu, baina ez du bigarren gola sartzea lortu. Hala ere, berdinketari eustea lortu du, eta horrek finalean aritzeko aukera eman dio.

Finala datorren astean jokatuko da, Etxebarriko Kukuiaga taldearen aurka. Bertan erabakiko da zein taldek jokatuko duen Errege Kopan.

Partida urduritasun eta tentsio handikoa izan da, eta zaleek gogoz animatu dituzte bi taldeak. Hala ere, ikusleen artean izandako jarrera desegokien ondorioz, epaileak norgehiagoka bi aldiz eten behar izan du. Publikotik hainbat pertsona kaleratu ondoren, partida normaltasunez amaitzea lortu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak