Bikain amaitu dute denboraldia "dragoiek"

Ibai Irasuegi Garai 2025ko mai. 23a, 12:18

Arrasate Dragoi taldeko gimnastak, Espainiako Aerobik Txapelketan, Iruñean.

Arrasateko Dragoi Gimnasia Taldeko gimnastek denboraldia amaitu zuten joan den asteburuan. Gimnasia aerobiko eta erritmiko taldeak Espainiako Aerobik Txapelketan eta amateur mailako Gipuzkoako txapelketan aritu ziren; 25 arrasatear, guztira.

Joan den asteburuan, Arrasate Dragoi Taldeko hamabost gimnasta Espainiako Aerobik Txapelketan lehiatu ziren, Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian: Laia Eguiluz, Malen Erdabide, Eider Zugasti, Sara Yan Azkarate, Ane Aranzabal, Nora Marco, Nahia Irazola, Eider Vazquez, Alaitz Balzategi, June Ugarte, Nira Cid, Eider Leibar, Mata Iglesias, Irene Egaña, Aines Lezeta eta Lucia Bachiller gimnastak. Banaka, binaka, hirunaka eta taldeka lehiatu ziren gimnasta arrasatearrak Iruñean, eta Espainiako Txapelketan erakutsitako maila Arrasate Dragoi Gimnasia Taldeko gimnastek aurten egindako denboraldiaren isla izan zen.

Kadete mailan, Erdabide, Zugasti eta Eguiluz hirukoteak lehen postua eskuratu zuen. Gazteetan, Irazola-Marco bikoteak eta aerobik koreografiko modalitateko taldeak bigarren postua lortu zuten, eta aerodance taldeak eta gazteetako Aranzabal-Eguiluz bikoteak laugarren eta bosgarren postuak lortu zituzten.

Konforme lortutako emaitzekin

Gimnasia taldeko zuzendaritza batzordeko Edurne Elkoro kidea "pozik" dago Iruñean lortutakoarekin: "Hainbat kategoriatan lortu ditugu emaitza onak; orduan, pozik gaude. Askotan, ez da erraza; izan ere, nagusiek eskarmentua dute. Atzetik datozen gazteak indartsu etortzea seinale ona da guretzat, Espainiako Txapelketan parte hartu duten gimnasta gehienak 14 urtetik gorakoak direlako. Adin horietan ez da erraza maila eta exijentzia hori mantentzea". Iruñeko txapelketaz gain, larunbatean, gimnasia erritmikoan, Arrasate Dragoi Taldeko hamar gimnasta Eibarren lehiatu ziren, denboraldiko azken txapelketan. 

ERRITMIKOAN, DRAGOIEK AMATEUR MAILAKO GIPUZKOAKO TXAPELKETA JOKATU ZUTEN, EIBARREN

Gazteak, txapeldun Eibarren

 Amateur Mailako Gipuzkoako txapelketa jokatu zen Eibarko Ipurua kiroldegian. Bertan, Dragoi taldeko kadete eta gazte kategorietako Aisha Luengo, Haizea Murgia, Laia Moto, Ane Cordero, Olaia Romero, Enara Portalo, Aintzira Abasolo, Maialen Lamadrid, Nahia De la Torre eta Ane Hurtado gimnastek parte hartu zuten. Ipuruako finaletarako sailkatutako hamar gimnastetatik, lehen postua eskuratu zuten Romero, Portalo, Abasolo, Lamadrid eta De la Torre gimnastek; hain zuzen, taldekako gazte mailako kategorian. 

Denboraldia amaituta, urtero bezala, Arrasateko gimnastek kurtso amaierako erakustaldia egingo dute Uarkape pilotalekuan. Aurtengo erakustaldirako, 155 gimnasta batuko dira, ekainaren 7an, Uarkapen: "Inoiz baino gimnasta gehiago".

Etorkizunera begira

Aurrera begira, Arrasate Dragoi Gimnasia Taldearen "norabide ona ikusita", Elkorori taldeak "osasuntsu" jarraitzea gustatuko litzaioke. Herrian gero eta bultzada handiagoa duten kirolak dira gimnasia aerobikoa eta gimnasia erritmikoa, baina, hala ere, mutil gehiagok izena ematea da Arrasate Dragoi Taldeko zuzendaritza batzordeak etorkizunera begira duen helburua: "Dragoi taldeak mutil gimnasta bat du, baina, nahiz eta gure taldean mutil bakarra egon, gero eta mutil gehiago daude gimnasia taldeetan; batez ere, Euskal Herrian".

Alde horretatik, kirol inklusiboa dela dio Elkorok: "Espainia mailan talde mistoak lehiatzen dira erritmikoan eta aerobikoan, eta iruditzen zait oso ongi dagoela. Uste dut kirol gutxik ematen dutela txapelketa batean talde misto batekin parte hartzeko aukera. Internazionalki ez dago onartuta, baina Espainia mailan bai, eta indar handia du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak